Zestoa-Elgoibar, zulotik irteteko balio dezaken norgehiagoka

Gaurko partida arratsaldeko lauetan hasiko da

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Zazpi jardunaldi lehiatu direnean, Zestoako Futbol Talde nagusiak partida bakar bat irabazi du, beste bat berdindu eta bost galdu ditu; ondorioz, gaur egun azken postuan dago sailkaturik, lau punturekin. Alarma gorriak pizten hasiak dira jada zaleen artean baina gaur garaipen bat eskuratuz gero oso bestelakoa izan liteke giroa, oraindik denboraldi osoa falta baita lehiatzeko eta hainbat talde egoera antzekoan eta puntu gutxira baitaude sailkaturik.

Kontuak kontu, gaur, 16:00etan, oso partida garrantzitsua jokatuko du Zestoak soilik hiru puntutara dagoen Elgoibar taldearen aurka. Baina partida honetaz gain izango da bestelakorik ere gaur Iraetako zelaian; goizean, esate baterako, 9:30ean hasita, infantil neskak Mutrikuren aurka arituko dira; segidan, 11:00etan, kadete neskak jokatuko dute, Leintz Arizmendi taldearen aurka; eta goiz eguerdiko partidekin amaitzeko, kadete mutilak zarauztarren aurka arituko dira 12:45ean.

Mendi Astea bertan behera

Azaroak 6an hasi behar zuen Mendi Astea bertan behera gelditu da, Agiro Mendi Klubak adierazi duenez. Hauen esanetan formatu berriak ari dira aztertzen hau gauzatzeko, ekimen berriak prestatu nahi dituzte, espedizioetan ibili diren herritarrei denbora eman nahi die materiala edo emanaldia prestatu dezaten, irteera berezi bat ere egin nahi da, abar. Gauzak ondo zehazten dituztenean -irteera, emanaldiak, ekitaldi berriak, abar- honen berri emango dutela adierazi dute.

Fotos

Vídeos