Zarauztarrak bikain berriro Orion

Enbata. Oria ibaian lanean joan den larunbatean.
Enbata. Oria ibaian lanean joan den larunbatean. / AMAXKAR

X. Bixigu Eguna ikurriña ospatu zen Oria ibaian eta Angel Larrañagaren mutilak 4. amaitu zuten. Banakako erlojupeko bitartez lehiatu zen KAE-1 Ligako zazpigarren jardunaldia joan den larunbatean

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Etxetik hurbil. Eta zarauztar arraunlarientzat oraindik ere hurbilago, kontutan izanik Zarauzko Arraun Elkarteak bere egoi-tza nagusia Oria ibaiaren ertzean duela gaur egun. Zaleek ere bertatik bertara zuten KAE-1 Ligako 7. jardunaldia zuzenean ikusteko eta bertaratu zirenak gozatzeko aukera izan zuten etxeko mutilekin.

X. Bixigu Eguna ikurriña jartzen zen jokoan Orion larunbatean. Banakako erlojupekoa bi multzotan banatuta, sailkapen orokorraren arabera. Horrek suposatzen zuen zarauztarrak bigarren txandako buru izango zirela, aurretik ateratako sei traineruen denborak ezagututa baina atzetik zetozen beste bostak aldiz, Enbatarena ezagututa.

Getaria onena

Lehenengo txandan sei ontzietatik onena Getaria izan zen 20:23.12 denbora ezarriaz helmugan. Bigarren txandaren buruan Aitzol Garro patroi gaztearen esanetara atera ziren Angel Larrañagak hautatutako hamahiru arraunlariak. Joan den asteburuan Allotzeko urtegian lortutako emaitza eskasa ahaztu nahian atera ziren zarauztarrak eta lehen ziabogara heldu zirenerako denbora onena egiten zuten, Getariak baino bi segundo hobea.

Atzetik gauzak nahiko parekatuta etorri ziren. Bi oilar nagusiak alde batera utzita, Donostiarra eta Santurtzi, beste guztiak parekatuta. Deustu, Zumaia eta Lekittarrak diferentzia oso txikiak zituzten euren artean, zarauztarrekin berdinduta.

Lan erditan, Lekeitiokoak atzera egiten hasi ziren baina beste hiru traineruak bere horretan jarraitzen zuten. Enbatako mutilek agindua garbi zuten, 3. luze erditik aurrera ahal zen bitartean estutu, eta hala eginaz, ziabogan denbora oso ona lortzen zuten. Baina azken luzearen bigarren erditik aurrera nekea pilatu zitzaien eta nola ahala bukatu behar izan zuten zarauztarrak.

Helmugan, lanak amaituta, beste traineruen denborak ezagutzeko irrikaz zeuden eta Deustukoak sartu zirenean gauzak oso parekatuta zeudela ikusi zen. Zorionez oraingoan ehunenekoak gure arraunlarien alde erori ziren eta tomatera atzean uzten zuten. Zumaiak ez zuen barkatu eta azken luze bikain batekin aurrea hartzen zioten urdinei eta jarraian Lekittarra helmugaratu zen, segundo eskas batera baina atzetik. Erlojupekoak honelako amaierak ekartzen ditu eta oraingoan zarauztarrak ondo atera ziren.

Bixigu Eguneko trapua Santur-tziarrentzat izan zen, Donostiarrei hamar segundoko aldea atera ondoren eta hori, hiriburukoak atzetik joan zirela aurkarien erreferentziak ezagutuz.

Oso denboraldi polita burutzen ari dira zarauztarrak eta larunbatean elkarrekin afaria egin eta parrandatxoa botatzeko baimena ere izan omen zuten Larraren eskutik, ala diote behintzat zurrumurruek. Datorren asteburuan Pedreñan estropada bikoitza eta sailkapenean aurrera egiteko aukera berria. Une honetan seigarren daude 53 punturekin. Aurretik Deustu 56 eta Lekittarra eta Zumaia 59.

Más

Fotos

Vídeos