Zarauzko harrobia bikain Astin

Zarautz A mutilak. Hirugarren sailkatu ziren Athletic eta Arnedoren atzetik.
/
Zarautz A mutilak. Hirugarren sailkatu ziren Athletic eta Arnedoren atzetik.

Neskak txapeldun atera dira Anaitasunari irabazita eta mutilak hirugarren Iribar txapelketan

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Aste Santuan futbol txapelketa ezberdinak antolatzen ditu Kirol Elkarteko futbol atalak Astin eta aurtengoan erakutsi dute zarauztar harrobiak osasun ona duela. XIV. Jose Angel Iribar Txapelketan bi talde aurkeztu ditu beste 14 talderekin batera eta A taldeak hirugarren tokian amaitu du.

Finalerdietan, Arnedorekin galdu zuten (2-1) eta ondoren Aurrera Ondarroa gainditu zuten 4 eta 0 hirugarren tokia eskuratu ahal izateko. B taldeak lehen fasea gainditzerik ez zuen izan baina txapelketa polita egin zuten. Txapelduna Athletic izango zen finalean Arnedorei 5 eta 0 irabazi ostean. Gainera beste albiste pozgarri bat izan zuen Zarauzko KEak zeren Iribar sariko atezain onena etxekoa izendatu zuten. Urko Mugerza izan da aurten atezain bikainena txapelketan.

Neskak txapeldun

Lehenengo aldiz antolatzen zen ostiral arratsaldean nesken futbol txapelketa. Jakina da gurean futbol jokalari emakumezkoak beti izan direla eta orain badakigu gainera izango direla. Harrobian lan ona egiten ari dira eta horren lekuko nesken txapelketan final erdi batean aurkeztutako herriko bi taldeak aurrez aurre izan zirela.

A eta B taldeak beraz erakutsi zuten maila ona dutela baina bat bakarrik izango zen finalean eta A taldea nagusitu zen. B taldekoak hirugarren eta laugarren posturako partida jokatu zuten eta Urki nagusitu zenez, laugarren amaitu zuten txapelketa. A taldekoak Azkoitiko Anaitasuna taldea izan zuten aurkari finalean. Oso parekatua joan zen finala baina penalti jaurtiketetara joango zirela zirudienean, zarauztarrak bi gol egin zituzten eta garaipena lortu. Lehen edizioa eta garaile Zarautz A taldea. Zorionak. Eta gainera hau gutxi bada txapelketako jokalari onena hautatzerakoan zarauztar baten izena eman zuten megafoniatik, Hatra Sidati eta nesken Nazional mailako entrenatzailearen eskutik jaso zuen saria, Unai Martinez. Giro paregabea izan zen egun osoan Astin eta jende asko hurbildu zen goiz eta arratsaldez kirol instalazioetara.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos