ZAE-ko trainerua prest denboraldi berria hasteko

Aurkezpena. Zarautz Arraun Elkarteko arraunlariak igande eguerdian Musika Plazako aurkezpenean. /  ZAE
Aurkezpena. Zarautz Arraun Elkarteko arraunlariak igande eguerdian Musika Plazako aurkezpenean. / ZAE

Arraunlarien aurkezpena igandean egin ondoren, datorren asteburuan izango dute azken estropada denboraldi berria hasi aurretik

ANTXON ETXEBERRIA ZARAUTZ.

Larunbatean Mutrikun denboraldi aurreko bigarren estropada jokatu zuen Enbatak. Aurrekoan Ondarroan eginikoa asko hobetu zuten zarauztarrek. Bide erdira arte, txandakide zuten Lekeittarrarekin lehia estua izan zuten. Hirugarren luzean nekea iritsi zitzaien zarauztarrei eta arraunketari eutsi ezinik, estropadaren bigarren zatia luze eta astuna egin zitzaien. Amaieran, KAE1 ligakoen artean hirugarren izan ziren Getaria eta Lekeitioren atzetik eta Zumaia, Arkote eta Lapurdiren aurretik.

Aitzol Garroren gidaritzapean, Martin Rekondo, Imanol Eizagirre, Aitor Jauregi, Jon Jauregi, Joanes Elizondo, Xabier Ormazabal, Garikoitz Uranga, Gorka Imaz, Manex Otaegi, Josu Olabarria, Oinatz Arretxe, Danel Irasuegi eta Beñat Eizagirre aritu ziren Enbatan, zarauztarren alde lehian. Mutrikun aritu zirenez gain Ioritz Zubillagak, Gaizka Garmendiak, Ekaitz Portularrumek, Alain Gurrutxagak, Iñigo Galdosek, Aitzol Elizaranek, Gorka Zubeldiak eta Iñigo Mozok osatuko dute aurtengo ontzia, igande eguerdian Musika Plazan egin zuten aurkezpen ofizialean ikusi genuen bezala. Talde oso gaztea, baina ilusioz beterikoa Garikoitz Urangak entrenatzen duena.

Santurtzik Hondarribiari gutxigatik irabazi zion lehian zarauztarrek egindako lanarekin gustora amaitu zuten. Datorren igandean jokatuko den Lekeitiokoa izango da liga hasi aurretik lehiatuko den azkenekoa. Beste koxka bat goruntz egiteko nahiarekin, gogor entrenatu eta saiatuko dira berriz ere Enbatakoak.

Trainerila jubenila

Bestalde, jubenilek Castron jokatu diren Espainiako Trainerila Txapelketatan finalean sartu eta laugarren amaitu zuten. ZAEren gazteak denboraldi bikaina egin dute. Bateletan Euskadiko Txapela lortuta gertatu bezala, Espainiako Txapelketa jokatzeko txartela lortu zuten Euskadiko Txapelketan hirugarren egin ostean. Castron larunbatean jokatutako sailkapen estropadan txandan hirugarren eginaz, denbora ona eginagatik berriz ere finalerako txartela lortu zuten. Finalean Bermeo, Getaria eta Galiziako Meira eta Tiran taldeak izan ziren zarauztarrekin. Euskadiko txapelketan gertatu bezala Bermeo (txapeldunak) eta Getariak aurrea hartu zuten eta ZAEkoak Meirako Galiziarrekin buruz buruko estua izan zuten bron-tzezko dominaren bila. Estropada osoan ontzi baten atzetik joan arren, azken txanpan asko estutu zituzten galiziarrak baina ezin izan zieten aurre hartu. Azkenean dominarik gabe baina egindako denboraldiaz oso harro itzuli ziren Ekhi Illarramendik entretatu dituen Ander Maio, Alain Gurrutxaga, Mikel Etxabe, Ohier Alzelai, Manex Otaegi, Josu Arregi, Gorka Zubeldia eta Iñigo Mozo. Horietako lau udan Garikoitz Urangaren ardurapean arituko dira Enbatan arraunean.

Zorionak eta jarrai horrela!

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos