ZAE-k oso talde gaztea izango du aurten

ZAE. Traineru barnean aldaketa asko izango da aurtengo denboraldian.
/AMAXKAR
ZAE. Traineru barnean aldaketa asko izango da aurtengo denboraldian. / AMAXKAR

Gari Uranga izango da entrenatzaile berria eta iazko zazpi arraunlari faltako dira Pasa den urteko 10 arraunlari jarraituko dute eta lau jubenil igo dira lehen taldera

ANTXON ETXEBERRIA ZARAUTZ.

Zarautz Arraun Elkarteak, aurtengo denboraldiari begira, bi berrikuntza nagusi ditu. Batetik, Gari Uranga prestatzaile berria izango da eta bestetik, traineruko taldea oso gaztea izango da.

Iazko denboraldia 17 arraunlarirekin egin zuten, 15 senior eta 2 jubenilekin eta horietako 10 dira aurten jarraitzen dutenak: Beñat Eizagirre, Imanol Eizagirre, Oinatz Arretxe, Xabier Ormazabal, Aitor Jauregi, Danel Irasuegi, Martin Rekondo, Gorka Imaz, Joanes Saiz eta Ioritz Zubillaga. Horiei batu zaizkie iaz jubenil izandako Josu Olabarria, Ekaitz Portularrume, Gabriel Sousa, lehen ere arraunean aritutako Jon Jauregi berrobitarra eta Gari Uranga entrenatzailea. Neguko lanak egiteko Aitzol Elizaranen laguntza ere izango dute.

Patroi lanetan, ardura nagusia Aitzol Garro Laskibarrek hartuko du, Aitor Urkolak utzitako tokia eta Gaizka Garmendiaren babesa izango du. Kuadrilla benetan gaztea eta kasi seguru udarari begira, aurten ere gazte mailakoen beharra izango dela. Entrenatzaile aldaketak, arraunketa aldetik aldaketa izugarria ekarri du.

Beste eskola bateko arraunketa da Gari Uranga eta Ekhi Illarramendik jarri dutena eta aurre denboraldiko lehen bi hilabeteotako entrenamenduak, arraunketa berrira egokitzeko baliatu dituzte.

Hasieran kosta arren, Enbatako arraunlariak poliki-poliki egokitzen ari dira eta entrenatzaileek eskatutakoa barneratu dute. 2018ko arraunketak, antz handiagoa izango du 90 eta 2000ko hamarkadetan Zarautzen ohikoa izan zen arraunketarekin, azken urte hauetan izandakoarekin alderatuta.

Batel denboraldia

Bestalde, batel denboraldia igande honetan hasiko da Trintxerpen, Pasaian. ZAEk sei ontzirekin parte hartuko du. Neska promesen mailako 2 ontzirekin, kadete mutil mailako beste birekin, jubenil mutilen batel bat eta senior mutilen beste batel batekin.

Era berean, larunbatean Oriako uretan jubenilen lau ontziak, distantzia luzeko aulki mugikorreko txapelketan hartuko dute parte.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos