Whatsapp zerbitzu berria jarri du Gazteria sailak gazteentzat

DV ZARAUTZ.

Egungo komunikazio eredu berrietara egokitzeko asmoz, eta gertutasuna lortu nahian, Zarauzko Gaztedi sailak komunikazio kanalak zabaltzeko erabakia hartu du; horren harira, whatsapp aplikazio mugikorraren bidezko zuzeneko mezularitza zerbitzua abian jartzea erabaki du.

Gaur egun Gaztedi sailak kudea-tzen dituen zerbitzu guztien gaineko informazioaz haratago, whatsapp aplikazio berriaren bidez, 18 urtetik gorako zarauztar gazteek izan ditzaketen zalantza, arazo edota tramite administratiboei buruzko kezka oro argitzeko aukera egongo da. Hala, gazteen eta Udalaren arteko harremana erraztu, desmitifikatu eta kudeatu nahi da zuzeneko hartu-eman horren bitartez. Hortaz, Udalarekin zerikusia duen edo herriko beste eragile batzuekin erlazionatua egon daitekeen informazio eta jardueretarako erabili ahalko da zerbitzu berria.

Mireia Arrona Gonzalez, Zarauzko Gazte Informatzaileak azaldu duenez, «zerbitzura edozein une eta momentuan idazteko aukera egongo da, zalantza, arazoa edota iradokizuna suertatu den une berean; gainera, argazkiak edota bideoak ere helarazteko aukera egongo da, egoera edota gaia hobeto zehazteko. Ondoren, Gazte Informazio Bulegoaren ordutegian mezu guztiak erantzuteaz gain, bide emango zaie gazteen beharrei».

Bestalde, Jon Andoni Urdangarin Urrutia, Gaztedi zinegotziak nabarmendu duenez, «gazteok sarritan ez dugu denbora edota aukerarik Udalera gure kezken, arazoen edota iradokizunen berri ematera joateko, ordutegia eta bestelakoak direla medio. Hortaz, zerbitzu honen bidez Zarauzko gazteekin komunikazio zuzena lortu nahi dugu». Zerbitzu berriaren telefono zenbakia 688.812439 da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos