Ulacia Grupo berriz garaipenaren bidean Kantabrian irabazita

DV ZARAUTZ.

Zorte ona bilatu egin behar izaten dela diote askok, eta asteburu honetan aurkitu egin zuten Ulacia Grupoko mutilek etxetik urrun jokatzen zuten partidan. Aldez aurretik jakina zen norgehiagoka ez zela batere samurra izango. Izan ere antolatzailerik gabe bidaiatu zuen Torrelavegara Iñaki Jimenezenek. Unaik min hartuta jarrai-tzen du eta aste honetan Mikel Larrañagaren lesioa jasan dute.

Dena dela txukun ekin zioten neurketari eta aurretik hasi ziren. Gerora, baloia mugitzen izandako zailtasunak eta uztaian sartzen asmatu ezinda ibili zirenez, estuasuna izan zuten eta Gimnásticak hori baliatu zuen sei puntuko abantaila lortuz.

Baina ez zuten bururik makurtu zarauztarrek eta berriz ere partidan sartu ziren bi jaurtiketa on eta defentsa gogorrari esker. Tamalez, bigarren laurdeneko azken jokaldian haiek asmatu zuten eta aldagelara puntu batez galtzen ari zirela joan ziren Ulaciakoak.

Hirugarren laurden borobila egin zuten, ordea, bisitan joan zirenek. Aipatzekoa Marcellus Robertsen ekarpena laurden honetan. Abantaila handitu zuten zarauztarrek eta azken laurdenean sartu aurretik haien jokalari garrantzitsuak faltaz kargatzeko lana egin zuten. Epaileek Kantabriako taldea zigortu zuenez, ondo irten zitzaien estrategia gure mutilei.

Dena dela kantabriarrek ez zuten etsi nahi eta presio gogorra egin zuten azken laurdenean. Gainera, hirugarren laurdenean ez bezala, epaileek ez zieten faltarik adierazi eta bost punturaino gerturatzeko gai izan ziren. Une horretan iraganeko mamu asko azaldu ziren arren, egoeraren kontrola izan zuten zarauztarrek. Amaieran 61 eta 74 isaltzen zuen markagailuak eta garaipena zarauztarrentzat izango zen.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos