Udalak bat egiten du martxoaren 8ko greba deialdiarekin

Gonbidapena. Herritar guztiei egiten zaie martxoaren 8ko ekimenetan parte har dezaten. / AMAXKAR
Gonbidapena. Herritar guztiei egiten zaie martxoaren 8ko ekimenetan parte har dezaten. / AMAXKAR

Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan hainbat ekimen antolatu dira eskualdean

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Udaletxeko batzar aretoan egin zuten ostiralean datorren ostegunean ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan prestatu den egitaraua ezagu-tzera emateko agerraldia.

Herriko ikastetxe guztietako ordezkariek, parekidetasun departamentuak eta kontseiluko kideek martxoak 8aren inguruan egin den lanaren berri eman zuten. Gloria Vazquez berdintasun zinegotziaren esanetan, «aurtengo martxoaren 8an greba deialdiak garrantzi handia hartu du mundu osoan zehar. Zarauzko Udalak ere bat egiten du greba deialdiarekin eta greba eskubidea erraztu nahian, aurtengo ekitaldia lehenago egingo dugu, goizeko 10:00etan hain zuzen ere, Musika plazan».

Hau aurreratu ondoren egun emakumeek pairatzen duten egoera honela aztertu zuen: «Emakumea izateagatik diskriminazioa sufritzen dugu, XXI mendean, oraindik. Besteak beste, gizonek baino soldata gutxiago kobratzen dugu, aginteko postuetara heltzeko zailtasunak topatzen ditugu, pobrezia gehiago sufritzen dugu, jubilazio pentsioak txikiagoak dauzkagu, indarkeri matxista jasaten dugu. Baita ere, etxeko lan eta zaintza gehienak gure kargu izaten dira eta hori guztia ez da justua».

«Gure gizartean emakumeon lana eta parte-hartzea funtsezkoa da arlo guztietan, baina emakumeok parte hartzen badugu ere, gure lan hori askotan gutxiesten da eta hori ere, ez da justua: zientzian, artean, medikuntzan, ingeniaritzan jarduten dugu; gure lorpenak eta esfortzuak ikusgarriak izatea eta balorean jartzea aldarrikatzen dugu. Horixe da greba honekin agerian jarri nahi duguna: emakumeok planto egingo bagenu mundua hankaz gora geratuko litzatekeela» adierazi zuen zinegotziak.

Azken finean, «emakumeon eskubideak aldarrikatzen ari gara. Horretarako elkartu gara Urola Kostako herriak, bai udalak eta baita ikastetxeak, eta lan talde ederra sortu dugu Berritzeguneak ederki koordinatuta. Denok batera, neskak eta mutilak, gizonak eta emakumeak, elkarrekin lan egin behar dugu eskubide berdinak izateko gizartean. Pertsonak gara, eta hori da balorean jarri behar duguna», esanaz amaitu zuen Vázquezek.

Jose Luis Alberdi, Hezkidetza Foroko kideak gogoratu zuen bezala «hirugarren urtea da aurtengoa lan honetan gabiltzala eta bertan Urola Kostako bost herrietako hezkun-tza reglatutako ikastetxe guztiek eta Udalek bat egiten dute ozen eta lau haizetara, denak entzun dezaten, parekidetasuna aldarrikatzeko. Oraindik asko dago egiteko baina elkarrekin lan egitearekin harro gaude. Ikasturte osoan bizikidetza eta berdintasunaren aldeko lan handia egiten da baina martxoaren 8ari begira ikastetxeetatik hausnarketa berezia egiten da eta hortik ateratako ondorioak udaletxeek emandako kartulina more batzuetan islatuko dira eta herrian zehar zabalduko».

Bestalde, «ikastetxeetatik ikasleen etxeetara eskutitz bat bidaliko da egiten ari garen lanaren berri izan dezaten eta martxoaren 8an zer egiteko asmotan gauden. Ostegunean udaletxeek emandako pankarta ba-tzuk jarriko ditugu guztiok ikastetxeetan eta udaletxetako hainbat eraikinetan, adieraziz denak bat egiten dugula asmo honetan. Azkenik martxoak 8an kaleko ekintza egingo dugu. Musika Plazan elkartu ikastetxe guztiok, herriko erdiguneko kaleetan ibilbide bat egin eta berriro Musika Plazara joango. Han denon artean adostutako berdintasunaren aldeko manifestu bat irakurriko dugu eta amaitzeko sorpresa bat egongo da» aurreratu zuen Berritzeguneko kideak.

Egitaraua

Gaur 19:00etan Merkatu plazan 'Hot Flash' antzerkia. Astelehenean kartel lehiaketako sariak banatu eta erakusketa irekiko da Torre Luzean. Azkenik martxoak 10ean Merkatutik zuretzat ekimena bukatutakoan 'Emakume artzainak' dokumentala eta arratsaldean haur antzerkia 'Kalean otso etxean uso' Antoniano Aretoan 17:30ean, 4 eta 12 urte bitarteko haur eta familientzat.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos