Txaparrotan, jokatzen eta ikusten

Borrokan. Behin lehian hasita denak nahi dute irabazi. / AMAXKAR

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Zarauzko Kirol Elkarteko eskubaloi atalak antolatzen duen Txaparrotan lehiaketak bere bigarren asteburua bete berri du eta oraingoan Txaparrotan jokoan eta inguruan egoteko giroa izan dute gainera.

Haurren txapelketan eguraldiak gehiegi lagundu ez bazuen ere, asteburu honetan eta bereziki igandean, egun zoragarria izan zen kirol honetaz gozatzeko, bai jokoan zeuden taldeentzat eta baita hondartzara hurbildu ziren guztientzat.

Denera 234 talde aritu dira eskubaloian jokatzen Txaparrotan lehiaketaren barne. Lehendabizi haurrak jokatu zuten, 122 talderekin, ia 1.000 neska-mutil. Helduei dagokienez, 112 talde lehiatu dira, 870 jokalarirekin.

Partaidetza izugarria da, zarauztarren artean kirol honek duen arrakastaren isla, baina kanpotik ere urtez urte talde gehiagok ematen dute izena eta festa giroa gero eta handiagoa izaten da. XIV. Zarauzko Hondartzako Eskubaloi Festak denetik izan du, gonbidatu ezagunak, besteak beste Julen eta Gurutz Aginagalde bertan izan dira, lagun arteko giroa eta lehia. Partidak hasi aurretik eta amaitutakoan aurkari denak lagun, baina hondarretan borroka ederrak ikusi dira partida guztietan.

Parte hartzaileen artean sari ugari banatu dituzte aurten ere, herriko taberna, enpresa eta boluntariorik gabe ez zen Txaparrotan aurrera eramatea posible izango. Antolakuntzaz gain, jende asko dago urtero laguntzeko prest eta hauei eskerrak eman behar. Opariak, baloiak, afariak eta abar zozkatu dituzte.

Fotos

Vídeos