Trikitilari Gazteen Txapelketarako izen-emate epea zabalduta dago

Partaideak. Txapelketa amaitzean trikitilari gazte guztiak lagun izaten jarraitzen dute.
Partaideak. Txapelketa amaitzean trikitilari gazte guztiak lagun izaten jarraitzen dute. / AMAXKAR

Aurtengoa XXXVII. edizioa izango da Euskal Astearen barne. Lehiaketan parte hartu nahi duten 20 urte azpiko bikoteek abuztuaren 25a arte izango dute izena emateko Zarauzko Turismo bulegoan

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Euskal Astearen baitan Zarauzko Udalak, euskal kulturaren sustapenarekin duen konpromisoarekin jarraituz, urtero antolatzen duen Trikitilari Gazteen XXXVII. Txapelketarako izen emate epea zabaldu du.

Lehiaketa irailaren 6an ospatuko da, arratsaldeko 19:30ean, Lege Zaharren enparantzan; euria eginez gero, Modelo aretoan izango da, iaz bezala. Hala, soinujole eta pandero-jotzaile bikote gazteek abuztuaren 25a baino lehenago eman beharko dute izena Zarauzko Turismo bulegoan (Nafarroa kalea, 3) edo 943 005 119 telefonora deituz.

Ohi bezala, txapelketan maila bakarra izango da eta parte-hartzaileek txapelketa gauean 20 urte bete gabe izan beharko dituzte. Adina egiaztatzeko familia liburua edo nortasun agiria aurkeztu beharko dela jakinarazi dute Udaletik. Hala, bikote parte-hartzaileek lau pieza jo beharko dituzte lehiaketan aurrera egiteko: trikitixa, porrusalda, fandangoa eta arin-arina.

Hauetariko piezaren bat norberak sortutakoa bada, izen-ematea egiterako garaian norberak sortutakotako pieza zein den adierazi beharko da eta epaimahaiak baloratu eta kontuan izango du.

Zentzu honetan, Nekane Iribar (EAJ-PNV) Kultura zinegotziak norberaren piezak jotzeko aukera eskaintzea gazteentzat «aukera aparta» dela adierazi du, «norberak sortutako pieza txapelketan aurkezteko aukera luzatzen diegu gazteei, euren sormena ikustera emateko eta balorean jartzeko pieza sortzerakoan egindako lan guztia».

Gainera, trikitilariek trikitixa eta porrusalda koplaz lagundu beharko dute eta janzkera tradizionalaren ezaugarriak mantendu beharko dituzte bi partaideak.

Bikote parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, txapelketaren hasieran kopurua kontuan izango da eta, honen arabera, epaimahaiak aldez aurretik kanporaketa bat egin ahal izango du.

Hau horrela balitz, aurrez jakinaraziko dute. Kanporaketa izanez gero, parte-hartzaileek pieza bat jo beharko dute eta, finalera iritsiz gero, ezingo dute finalean errepikatu pieza hau.

Azkenik, bi sari izango dira txapelketan: bikote irabazleari 250 euro eta txapela emango zaio eta, bigarrenari, 175 euro. Herriko lehen bikotearentzat sari berezia egongo da eta txapelketan parte hartu duten gainerako bikote guztiei 70 euroko dieta emango zaie; kanporaketa fasea gainditu ez dutenek, 50 eurokoa izango dute dieta.

Fotos

Vídeos