Nik Tri triatloi elkartearen bilera irekia larunbatean

DV ZARAUTZ.

Abenduan egingo diren negulekuak zerumugan dituelarik, 2016-2017 denboraldiak emandako uzta aztertzeko hitzordua finkatu du Nik Tri Triatloi Elkarteak. Hilabetez hilabete, triatloiarekin loturiko ekitaldi ugari egingo ditu, kirola oinarri, euskararen erabileraren hauspo eta elkartasuna bezalako balioen transmisio-tresnan bilakatuz: Negulekuak Getarian (Askizu aterpetxea), Pazko Asteko Triatloi Goizak, Udalekuak Etxarrin (Arotz-Enea aterpetxea), Udalekuak Aia-Orion (Txurruka aterpetxea), Aia-Orio Triatloi Txikia, Busti Lagunekin Uratloia Donostian, Triatloi Kros Txikia Legution.

Aipaturiko ekitaldiez gain, Nik Tri Zarauzko Triatloi Elkarteak 9-14 urteko gaztetxoentzako triatloi eskola garatu du aurten eta, izandako arrakasta lagun, ekimenari jarraipena eman eta indartzeko asmoa dago. Bestetik, berrikuntza gisa, 15-20 urteko gazteei zuzenduriko entrenamendu bereziak eskainiko dira. Halaber, Nik Tri Triatloi Taldeko kideak geroz eta gehiago nabarmentzen dira han eta hemen ospaturiko probetan parte hartuz. Hala, Nik Tri tropeltxoa urtetik urtera handituz doa, azkenaldian emakumeen kopurua bereziki emendatu delarik.

Finean, denboraldiak emandako horri guztiari begia jarri eta 2017-2018 denboraldiaren berri emateko, interesa duen orori irekia izango den bilera ospatuko du Nik Tri Triatloi Elkarteak larunbat honetan Aritzbatalde Kiroldegiko bigarren solairuan. 18:00etan gaztetxoen inguruko gaiak izango dira hizpide, Triatloi Eskolari (9-14 urte bitartekoentzat) buruzkoak. Ondoren, 19:00etan berriz, 15 urtetik gorakoentzat.

Fotos

Vídeos