Torreoia dantzaleku bihurtu du Telmo Esnal zarauztar zinemagileak

Telmo Esnal. 'Dantza' pelikula grabatzen ari ziren une batean aginduak ematen./
Telmo Esnal. 'Dantza' pelikula grabatzen ari ziren une batean aginduak ematen.

Bere azken lana 'Dantza' grabatzen aritu da Vista Alegre parkeko eraikuntzan. 30 bat herritar aritu dira proiektuan parte hartzen, zuzendariari dantzatzen irakatsi zion Angel Gereka (84 urte) zarauztarra barne

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Torreoia dantzaleku bihurtu da egun batzuetan zehar. Telmo Esnal zinemagile zuzendari zarauztarra bere azken lana, 'Dantza', grabatzen aritu da Vista Alegreko eraikuntza ezagunean. «Beti imajinatu dut garai batean dantza emanaldiak egingo zirela Torreoian. Horretarako leku paregabea dela iruditzen zait», nabarmendu du zuzendariak. Lan hori egin aurretik, baina, Zarauzko Udalaren laguntza izan du Esnalek.

Izan ere, filma hau grabatu ahal izateko, Udalak txukunketa lanak egin ditu Torreoian. «Torreoia eta Vista Alegreko parkea leku magikoak dira eta seguru gaude filmari ukitu berezia emango diola inguru honek», nabarmendu du Kultura zinegotziak, Nekane Iribarrek.

«Luxu bat da guretzat Telmo Esnalek bere herrian grabaketa egitea. Datorren urtean estreinatuko da bere lana eta Zarautz mundu zabalean erakusteko aukera aparta izango dela uste dugu», dio.

«Gainera, oso gurea den zerbaiten harira, euskal kultura eta dantzarekin lotuta, alegia», gaineratu du Kultura zinegotziak. Iribarrek 2018a ere «Torreoiaren urtea» izango dela gogoratu du. Izan ere, aspaldiko eskaera bati erantzunez, Udalak eraikuntza eraberritzeko lanak egingo ditu datorren urtean.

Dantza protagonista

Talde eta herri askotako dantzariek hartu dute parte 'Dantza' pelikulan. Guztira, 8 eta 84 urte bitarteko 250 dantzari inguru. Txikitatik egiten du dantza zinemagile zarauztarrak eta «betidanik» izan du dan-tzarekin lotutako filma bat egiteko gogoa. 'Urte berri on, Amona!' egiten ari zirenean, Koldobika Jauregi eskultoreak dantzarekin lotutako zerbait egin behar zutela proposatu zion.

«Bion harrikada izan da (barreak). Momentua zela iruditu zitzaigun, nahiz eta oso argi ez genuen nola egingo genuen. Hala ere, berehala erabaki genuen pelikula izan behar zuela», azaldu du Esnalek.

Juan Antonio Urbeltz dantzan aditua batu zitzaien 'Dantza' filma sortzeko. «Sinbologiaz sortutako koreografiak landu ditu Urbeltzek. Dantzaren bitartez herri baten historia kontatzen dugu», azpimarratu du zinemagileak.

Zarauztar gehiago ere bada tartean, 30 bat herritar aritu dira proiektuan parte hartzen, «niri dan-tzatzen irakatsi zidan Angel Gereka zarauztarrak, 84 urterekin hartu du parte filmean», dio zuzendariak.

Gainera, Iratzarri dantza taldeko eta Alproja antzerki taldeko kideak ere izan dira grabaketan parte hartzen. «Zarauzko 24 Kamera etxearekin egin dugu lan eta Txarli Argiñano, Alazne Ameztoi eta Javi Agirre argazki zuzendaria izan ditugu lan taldean. Javi Goya sarietara hautatu berri dute 'Handia' filmagatik», gogorazten du.

Itsasoa sartzea falta zitzaien Torreoira iritsi aurretik eta horregatik ere aukeratu zuten lekua, «Vista Alegreko parketik itsasoa ikusten da eta Polka dantzak grabatzeko leku ezin hobea zen nire ustez. Polita eta erosoa izan da etxetik oinez lantokira joatea (barreak). Oso eskertuta gaude Zarauzko Udalak eta bertako bizilagunek 'Dantza' filma grabatzeko eman dizkiguten erraztasunengatik», gaineratu du zarauztarrak.

Pelikula datorren urteko otsaila erdialdean amaituta izatea aurreikusten du zarauztarrak, 2018an estreinatzeko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos