Talai Berri txakolindegiak 25. urteurrena ospatuko du

Mahats biltzaileak. Garai bateko taldea, Talai Berri txakolindegian laguntzen ibilitakoak.
Mahats biltzaileak. Garai bateko taldea, Talai Berri txakolindegian laguntzen ibilitakoak. / TALAI BERRI

Lehenengo urtetan mahats biltzen lagundutako kideekin Txakolin Eguna ospatuko dute bihar

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Talai Berri txakolindegia astelehenean hasiko da 2017ko uztaren mahats biltzearekin. Atzera begiratuta ohartu dira 25. urteurrena izango dela eta horren inguruan ospakizun bat antolatu dute bihar iganderako.

Itziar Eizagirrek azaltzen du arrazoia. «Garai batean mahats biltzea hasten zenean koadrilako lagunak, famili artekoak eta honelako jendea etortzen zen lanera. Talde handiak elkartzen ziren baina konturatu ginen lantegi honetarako jendea kontratatu beharra zegoela. Azken urtean honela elkartu ginenean 67 laguneko taldea osatu zen, helduak, gazteak eta haurrak. Hori mahats bilketarako bakarrik eta horri erantsi behar mahatsa eramateko behar zen jendea. Gero denei bazkaria eman behar eta bi taldetan gutxienez banatuta noski», dio.

Aldaketa langileekin

Gainera «orduko modura jendea elkartzen zenean, gehien bat jai egunetan, mahatsa ere bat-batean biltzen zen eta gaur egun berriz txandaka egiten da, mahasti bakoi-tzaren ezaugarriak aztertuz eta une egokienean bilduz», esaten du Itziarrek, «azkarregi biltzen zen askotan eta bodegak ere ezin momentuan kantitate horiei erantzun».

Egoera aztertuta langileak kontratatzeari ekin zitzaion eta ordutik hona horrela egiten da. Urteak dira «14 bat urte izango dira, langileak ekartzen ditugula, 12-14 bat kontratatu eta hiru astetan buru-tzen da mahats biltzea. Honek abantaila asko dakar, zerbaitegatik gelditu egin behar bada bilketa, eten eta geroago jarraitzen da edo bizkorrago joan behar izan ezkero jende gehiago ekarri. Beti mahastiaren beharrei erantzunaz».

Txakolinaren festa

Lehen jendea noiz etorri zain egoten ziren eta orduan egiten zen lana, «horren adibide nabarmenena Pilarreko jai ingurua izaten zen, askotan zubia bazen orduan egiten zen bilketa nagusia. Ordutik dator jendeak pentsatzea txakolina biltzen hasteko urria dela une aproposena, horrela egiten zelako baina ez egokiena zelako». Gaur egun mahastiak «esaten digu mahatsa noiz bildu behar den, lehenago edo beranduago. Aurten adibidez astelehenean hasteko asmoa dugu».

Aurten biltzen hasiko diren mahats hori Talai Berriko 25. uzta izango da eta hori ikusita, «omenaldi edo errekonozimendu txiki bat egin nahi izan diogu urtetan gurera etorritako lagun guzti horiei. Horretarako bihar iganderako mahats biltze eguna antolatu dugu, bere garaian Lege Zaharren enparantzan egiten zen moduko zerbait».

«Mahatsa zapalduko da muztioa ateratzeko, probatuko dugu, bertsolariak ere izango ditugu eta gero gonbidatu ditugu noizbait gurera mahatsa biltzera etorri direnak. Askok mahasti zaharra dute gogoan, parrala zen eta nahiko lan eta neke ematen zuena. Orduko argazkiak ere bildu ditugu eta hormetan jarriko ditugu etortzen direnak ikus di-tzaten eta orduko kontuak gogoratu. Eguraldia lagun badugu bodega atarian egingo dugu festa eta bestela barrura eraman beharko da dena».

Fotos

Vídeos