Surf Pro Zarautz, kirola baino askoz gehiago apirilak 4 eta 8 bitartean

Desfilea. Txapelketa inguruan beste hainbat ekintza antolatzen dira. / AMAXKAR
Desfilea. Txapelketa inguruan beste hainbat ekintza antolatzen dira. / AMAXKAR

Munduko txapelketa nobedadez beteta eta kontzertu indartsuekin iritsiko da, Delorean buru dela

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

QS Pro Zarautz surfa baino askoz gehiago da. Aurten ere Zarauzko hondartzan surf onenarekin gozatzeko aukera eskainiko du eta, gainera, berrikuntzaz beteta iritsiko da. Kultura eta kirola batuko dituen ekitaldia apirilak 4 eta 8 bitartean ospatuko da. Gipuzkoako Surf Federazioak (GSF) antolatuta, World Surf League (WSL) eta Zarauzko Turismo Bulegoarekin elkarlanean, eta Zarauzko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, kirol ekitaldiak, beste behin, Zarauzko hondartza eta kaleak betetzea espero da.

Qualifying Series Pro Zarautz txapelketa, beste behin, Pazko Astean ospatuko da, «udan ez ezik, urteko beste garaietan ere kalitatezko esperientziak eskaintzea baita gure helburua. Aurreko bi edizioetan jendez gainezka egon zen Zarautz eta aurten ere arrakasta bera izatea espero dugu», adierazi zuen Xabier Txurruka alkateak Zarauzko Real Club de Golf-en egindako aurkezpenean. Izan ere, aurten klub hau txapelketaren olatura igo da, Gipuzkoako Surf Federazioarekin lortutako akordioari esker.

Hala, mundu mailako zirkuituko Qualifying Series 1.500 maila mantenduko da, bai mutilen zein nesken kategorietan. Portugalgo Santa Cruz eta Angeluko probak eta gero ospatuko da Zarauzkoa eta 200 bat surflariren parte-hartzea aurreikusten da. World Surf Leagueko Qualifying Series zirkuiturako puntuagarria izango da proba. Zarauzkoa, Europako zaharrenetakoa da eta dudarik gabe Euskadin ere erreferente da.

Ekitaldi ugari

Gipuzkoako Surf Federazioko presidente Mailaren Saezek adierazi zuenez, «aurten, mundu osoko surflariekin batera, oihartzun hau indartzeko ekintza desberdinak egingo ditugu txapelketaren inguruan: skatea, bizikleta, desfileak, artea, kultura, musika eta abar luze bat, QS Pro Zarautz surfa baino askoz gehiago baita».

Zentzu honetan, kontzertu indartsuak ospatuko dira FederArte Pro festibalean, Delorean talde zarauztarra eta Willis Drummond bezalako taldeekin. Eta Nerabe taldearekin, GSF eta EHSFk Katapulta Tour Gipuzkoarekin eginiko kolaborazioa estreinatuko dute. Jakina da Katapulta Tour, Gipuzkoako Foru Aldundia, Jazzaldia eta Kutxa Kulturrekin osaturiko plataforma kultural oso garrantzitsua dela. Azkenik, gaua DJ El Txef A-rekin bukatzeko aukera polita izango da. FederArteko musika taldea, martxoak 5tik 12ra arteko astean aukeratuko du publikoak sare sozialen bitartez. Saezek azaldu duenez, lege berriarengatik eta segurtasuna bermatzeko asmoz, aurten aforoa kontrolatu egingo da. Hori horrela izanik, sarrerak 10 euroko prezio sinbolikoan jarriko dira salmentan, Zarauzko Turismo Bulegoan eta txapelketa guneko informazio puntuan. Presidenteak gogorarazi du martxoak 5a arte Euskadiko federatuek euren lan artistiko eta kulturalak aurkeztu ditzaketela munduko txapelketa honetan parte hartzeko eta FederArte Euskal Surf Kultura garatzeko.

Oier Illarramendi zarauztarra berriz txapelketako zuzendaria izango da eta jakinarazi zuen txapelketan maila handiko surflariak espero dituztela eta bertako surflarientzat «tranpolina» dela nabarmendu. Zentzu honetan, Gipuzkoako txapeldunak gonbidatu dituzte parte hartzera. Iazko irabazleak Maddi Aizpurua eta Ruben Vitoria izan ziren. Maddi aurkezpenean egon zen baina Ruben Vitoria zarauztarrak ezin izan zuen aurkezpenean egon Australian lehiatzen ari bai da baina etxeko olatuetan ikusteko aukera izango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos