Saski Basque 3x3 Txapelketak malekoia hartuko du ostegunetik igandera bitartean

3x3 Txapelketa. Bihar hasi eta igandera bitartean saskibaloiaz gozatzeko aukera Dama inguruan, batzuk jokatzen eta besteak ikusten. Kartel dotorea egin dute iragartzeko./
3x3 Txapelketa. Bihar hasi eta igandera bitartean saskibaloiaz gozatzeko aukera Dama inguruan, batzuk jokatzen eta besteak ikusten. Kartel dotorea egin dute iragartzeko.

Dagoeneko 160 taldetik gora izena emanda daude baina azken aukera badago kategoria batzuetan oraindik

JUAN MARI ZUBIAURREZARAUTZ.

Aurten ere ZASTek, Euskadiko eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioekin batera, saskibaloia Zarauzko hondartzara eramango du. Dagoeneko 160 taldetik gora eman dute izena, baina oraindik bada tokirik kategoria batzuetan.

Benjaminetatik hasi eta seniorrak arte izango dira txapelketak, bai nesketan, bai mutiletan eta jokatu nahi dutenek www.zast.es atarian badute oraindik izena emateko aukera. Koadrilen txapelketak, beste behin, sekulako harrera izan du eta ia ez da tokirik bertan jokatzeko. Testu hau idazten zenean, bi talderentzat baino ez zen jokatzeko aukera geratzen.

Seniorretan, ordea, oraindik bada tokirik, eta, gainera, geroz eta talde gehiagok eman izena orduan eta sari potoloagoa irabazi daiteke. Talde irabazleek 600 euro arte irabazi ditzakete eta finalistek 300 euro arte. Horrez gainera, finalean sartzen ez den lehen talde zarauztarrak ere 300 euro arteko saria jasoko du.

Gainontzean, aipatu Basket Country saskibaloi denda espezializatuak ere sarietarako egin duen ekarpena. Minietatik juniorretara bitarte deskontu txartelak luzatu baititu denda honek. Eta, nola ez, eskerrik beroena beste behin eskualdeko jatetxe eta tabernei, koadrilen txapelketarako eman dituzten otorduengatik. Baita Spa Gym Malecon. Gráficas Juaristi, eta, kartela egin duen Viskwit etxeari ere.

Ostegun arratsaldean infantilek irekiko dute txapelketa. Ostiralean berriz, arratsaldez, kadeteak eta juniorrak izango dira lehian. Larunbat goizean mini eta benjamin mutilak arituko dira, arratsaldez, berriz, seniorrak. Igande goizerako mini eta benjamin nesken partidak izango dira eta koadrilen txapelketak itxiko du saskibaloiaren festa igande arratsaldez.

Bertara gerturatzen direnek taberna izango dute partidak ikusi bitartean barrua freskatzeko, baita Xibartak egindako izozkiak ere. Dama inguruan izango da, beraz, zer ikusi eta zertaz gozatu bada gure herrian ZAST elkarteko kideen eskutik asteburu luze honetan.

Fotos

Vídeos