Sahara Gararekin agur Aste Nagusiari

Haima. Euren lurrean bezala harrera hurbiltzen zen guztiei egiten zioten./AMAXKAR
Haima. Euren lurrean bezala harrera hurbiltzen zen guztiei egiten zioten. / AMAXKAR

Askoren lanari esker egun borobila osatu zuten Saharautz Elkarteko kideek igandeko ekimenean

JUAN MARI ZUBIAURREZARAUTZ.

«Sahara Gara!» oihu egin zuen igandean Zarauzko herriak. Saharautz Elkartearen eskutik Aste Nagusiari agur esaten zitzaion hala. Egitura berria, lan ezezagunak, baina oso pozik azaldu ziren egunak eman zuenarekin antolatzaileak.

Goiz erditik aurrera martxan izan zen txosna Dama inguruan, malekoian. Jan-edanaz gain, kamisetak ere saldu zituzten, eta herritarrei Saharari buruzko informazioa eman zitzaien.

Arratsaldean haur jolasak izan ziren. Haiman tea eta solasa eskaini zuten sahararrek. Fronte Polisarioaren euskal ordezkariaren bisita ere izan zen. 22:30ean xuxen hasi zen Vendetta taldearen kontzertua. Jendetza bildu zuten. Emanaldia zinez bikaina eta zirraragarria izan zen. Nabari zen musikarien engaiamendua eta konplizitatea.

Saharautzeko ordezkarien esanetan, «aipatzekoa da erakunde, enpresa eta herritarrek eman diguten babesa. Zarauzko Udala, Julen teknikaria, Gesalaga, Labe-Goxo, Maxi-ko zapataria, tortilak egin dizkiguten dozenaka lagun, txosnan lanean aritu diren boluntarioak, trago bat hartu edota pintxo bat jatera etorri zineten denak, eskupeko anonimoak eman dizkiguzuen adiskideak, bertaratu ziren sahararrak, Vende-tta taldea, kontzertua girotu zenuten zaleak... Egun eta egitura berri honek elkarteko kideen arteko lotura sendotu eta gure egitasmoak indartzeko balio izango duela espero dugu. Ea Saharautz Elkartasun Taldeak lankide berriak lortzeko modurik duen, ea datorren udarako familia-hartzaile berriak lortzen ditugun, ea...».

Kontuak egindakoan jakinaraziko dute zenbat diru lortu zuten. Sahararren aldeko beste egitasmo batean erabiliko dute dena.

Fotos

Vídeos