Ramon Olasagastik irabazi du Lizardi Saria

Ramon Olasagasti. Berrobitarrak irabazi du aurtengo Lizardi Saria./
Ramon Olasagasti. Berrobitarrak irabazi du aurtengo Lizardi Saria.

'Sariolako errotaria' ipuinarekin lortu du sariaOhi bezala, saritutako lanaren 2.500 ale argitaratuko ditu Zarauzko Udalak, herriko ikastetxetako ikasleen artean banatzeko

ANTXON ETXEBERRIA ZARAUTZ.

Ramon Olasagasti kazetari eta itzultzaileak (Berrobi, 1972) irabazi du Zarauzko Udalak antolatzen duen Lizardi Sariaren XXXVI. edizioa, 'Sasiolako errotaria' lanarekin. Hamalau lan aurkeztu dira lehiaketara, eta Olasagastirena hautatu du irabazle gisa Yolanda Arrieta, Miren Agur Meabe, Leire Bilbao eta Alex Gurrutxagak osatutako epaimahaiak. Lau epaimahaikideek nabarmen egin dute Olasagastiren 'Sasiolako errotaria' lanaren alde. Nekane Iribar Kultura zinegotziak Lizardi Sariaren garrantzia gogoratu du: «Lehiaketa hau historikoki erakusleiho bikaina da, eta euskarazko ipuingintzan duen garrantzia eta tradizioa handia da. Sariaren helburuetako bat gazteen artean irakurzaletasuna piztea da eta ziur nago Olasagastiren lanak helburu hau betetzeko bideari helduko diola».

Idazleak 4.000 euro jasoko ditu ordain sari, bere lana argitaratzeaz gain. Ohi bezala, Zarauzko ikastetxeetan Udalak doan banatuko ditu liburuaren 2.500 ale. Argitalpena sari banaketa egunean kaleratuko da, datorren apirilaren 23an, Xabier Lizardiren jaiotzaren urteurrenarekin bat eginez.

Sasiolako errota da ipuin honen gune klabea, eta epaimahaikideen iritziz, ez nolanahikoa, gainera. «Sasiolako errotako egun beldurgarri hartaz geroztik dena aldatu zen. Misterioa, fantasia eta beldurra elementu klabeak dira lehen lerrotik. Errealitatearen eta fantasiaren arteko mugan mugitu dira gure herrietako pasadizo eta istorioak, egia eta gezurra natural-natural konbinatuz. Sasiolako errotaria-k ere halaxe egiten du, ahozko tradizio aberatsa literatura idatziaren planora ekarriz».

Bi narratzailerekin jolastuz, plano tenporal bi ezkontzen ditu ipuinak. Urrunenekoak XX. mende erdira eramaten gaitu, Sasiolako errotan desagertu zen Jatsu gaztearen istorio ilunera. Istorio horren azken puntua, ordea, ez dago oraindik jarria. Beste plano tenporala gaur egungo gertaerena da: Ander gaztea da protagonista nagusia, eta beste hainbat pertsonaiak ere rol garrantzi-tsuak dauzkate, hala nola, Ainarak edo irakasleak. Plano bi horiek pixkanaka lotuz doaz ipuinak aurrera egin ahala, eta hala Jatsuri gertatu zitzaionak nola Anderrek bizitzen duenak aukera ematen diote narra-tzaileari laguntasuna eta bullinga, beldurra eta ausardia, mendekua eta damua jorratzeko.

Hizkera aberatsa

Bestalde, hizkuntzaren erabilera eraginkorra egin duela nabarmendu dute epaimahaikideek. «Euskarak hamaika kolore har ditzake, eta ipuin honek hori erakusten du: hizkera aberatsa ez ezik, eraginkorra eta txispaduna da, hizkuntzaren errekurtsoak naturaltasun eta graziaz aprobetxatzen dituena, narrazioa behartu gabe».

Ez da hau Ramon Olasagastiren lan batek Lizardi Saria jaso duen lehen aldia. Egilearen 'Sugaar' ipuinak XXXII. Lizardi Saria jaso zuen 2013an, eta 'Sasiolako errotaria'-k ipuin hark zeuzkan hainbat eta hainbat ezaugarri tematiko eta formal ditu.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos