XXI. Produktu Ekologikoen Azoka berezia eta baserrietara bisitaldiak

Azoka ekologikoa. Informazioa jasotzeaz gain bertaratzen direnek erosketak egin ditzakete./AMAXKAR
Azoka ekologikoa. Informazioa jasotzeaz gain bertaratzen direnek erosketak egin ditzakete. / AMAXKAR

Gaur goizean Lege Zaharren enparantzan eta Zigordia kalean egingo da azoka eta bisitaldiak ondorengo bi igandetan egingo dira Beizama eta Azkoitian

JUAN MARI ZUBIAURREZARAUTZ.

Biolur elkarteak, Urkomek, ENEEek Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak eta Zarauzko Udalak antolatuta, martxan dira Urola Kostako Jardunaldi ekologikoak. Honela, produktu ekologikoak eskuratu eta haien ekoizleak ezagutzeko aukera ezin hobea izango da Zarau-tzen asteburu honetan. Abuztuaren 18an, gaur ostirala, XXI. Produktu Ekologikoen Azoka berezia izango baita 10:00etatik 14:00etara Lege Zaharren enparantzan eta Zigordia kalean. Denetariko produktu ekologikoak, garaian garaikoak eta bertatik bertara eskainiko dira Biolur azokan.

Euskal Herriko ekoizleek barazkiak, fruta, ogia, gazta, sagardoa, gozoak eta beste hainbat produktu jarriko dituzte salgai, denak modu ekologikoan ekoitziak. Gainera, aurten, Atseden Gunea izango da azokan bertan. Hala, 11:30etik aurrera bertako produktuen dastatze komentatua izango da. Hainbat baserritarrek zuzenean aurkeztuko dituzte beraien produktuak, ustiaketak eta bizimodua. Gure baserrien mundura gerturatu eta ezagutzea da ekimen honen helburua, dastatuko diren produktuen ekoizpenaren nondik norakoak jakiteko. Halaber, produktu ekologikoekin osatutako otarren zozketa egingo da eta produktuak dastatzeko aukera eskainiko da, musikarekin girotuta.

Baserrietara bisitaldiak

Bestalde, jardunaldien baitan ekimen gehiago izango dira. Honela, abuztuaren 20an, datorren igandean, Beizamako Amenabar baserrira bisita eskainiko da. Nahi duen orok baratzezaintza ekologikoa ezagutzeko aukera izango du bertan.

Bestalde abuztuaren 27an (igandea baita), Azkoitiko Mokoroa baserrira izango da bisita. Bertan ogi ekologikoa eta zaldien maneiu ekologikoa ezagutzeko aukera izango da. Irteera hauetan parte hartzeko Biolurrera deitu beharko da eta horretarako telefono zenbaki hau erabili daiteke 943 761447.

Ekitaldi horietan parte-hartzaileek ekoizpen ekologikoan produktu horiek guztiak ongarri eta pestizida kimiko, gehigarri, eta orokorrean sintesiko produktu kimiko gabe ekoiztuak direla ikusiko dute, ingurugiroa eta elikagaiak kutsatu gabe, alegia.

Izan ere, baserritar horien erronkak baliabide naturalak zentzuz erabiltzea, lurraren emankortasuna zaintzea eta ekosistemen orekak eta biodibertsitatea errespetatzea dira.

Fotos

Vídeos