Pailazoek DVD berria aurkeztu dute

Kantari denak elkarrekin sartu aurretik eta ondoren kantuan aritu ziren Zigordia kalean./AMAXKAR
Kantari denak elkarrekin sartu aurretik eta ondoren kantuan aritu ziren Zigordia kalean. / AMAXKAR

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak eta bere lagunak Modelo Aretoan izan ziren atzo

JUAN MARI ZUBIAURREZARAUTZ.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 'Euskal Herrian zehar Tipi-Tapa, Korrika ibili ostean', DVDa kaleratu dute. Bertan pailazoen 'Tipi-Tapa, Korrika!' ikuskizunaz gain, 'Pupu eta Lore-Haizearen Herrira' ikuskizuna eta 'Aitona-Amonen Eguna' erreportaia jaso dituzte eta atzo Modelo Aretoan aurkeztu zuten.

Azken hau, Imanol Urbietak bere azken urteetan konposatutako abestiekin, haurrak eta aitona amonak, adin mugarik gabe, elkarrekin kantari, jolasean eta dantzan aritzeko proposamena da. Esperientzia eder hau Euskal Herriko herrietara zabaltzeko asmoz egin da. 35 minutuko erreportaia Modelon proiektatuko zen eta protagonistak (Zarauzko aitona-amonak eta haurrak) han egon ziren aurrez grabatutakoa ikusteko prest.

Bertan egon ziren Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Pupu eta Lore, Kontxi Aizarna, Josu Txapartegi 'Txapas', Salbatore Mitxelena ikastolako haurrak, Maria Etxetxiki eguneko zentroko eta apartamentu tutelatuetako aitona-amonak eta langileak, Santa Ana egoitzako egoiliarrak eta langileak, Montetxio eta Udaberri koruetako kideak, Xabier Zabala musika konposatzailea eta baita Josean Urbieta, Manoloren semea.

DVDan ikus daitezke herriko hainbat haur eta aitona-amonen arteko jolasak, denak Manolo Urbietaren abestietan oinarrituta eta herriko hainbat txokoetan banatuta. Horregatik aukeratu zuten pailazoak Zarauzko herria aurkezpena egiteko, herriko gaztetxo eta edadetuen partaidetza izan dutelako ikus-entzunezkoa egiterakoan.

Aurkezpenaren aurretik eta atzetik Zigordia kalea alaitu zuten abestiekin denak batera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos