Pagoeta Mendi Lasterketak 200 euroko saria emango du markak hausteagatik

DV ZARAUTZ.

Pagoeta Mendi Lasterketarako bi aste eskas falta direla (apirilaren 29an izango da), antolatzaileek lankidetza-harreman berri bat adostu dute Zarauzko MRW mezularitzako enpresarekin. Akordio honi esker lasterketako irabazleek, ohiko sariez gain, beste sari berezi bat jasoko dute, baldin eta orain arteko markak apurtzen badituzte.

Hautsi beharreko markak ondorengoak dira: Ibilbide nagusia (emakumezkoak): 2:00:56 (Elisabete Garate, 2017); Ibilbide nagusia (gizonezkoak): 1:33:26 (Andreu Simon, 2017), eta Ibilbide mistoa (bikoteak): 0:36:03 (Uxoa Irigoien / Igor Etxeberria).

Mistoan, iazko denborari 2 minutu erantsi zaizkio, aurtengo ibilbidea 500 metro luzeago izango delako. Berez, kasu honetan 0:38:03ko denbora baino gutxiagoan egin beharko dute ibilbide mistoa sari berria jasotzeako.

Modu honetara, antolatzaileek giroa berotu nahi dute, eta inguruko puntako korrikalarien interesa piztuko dutelakoan daude. Dena den, lasterketaren izaera guztiz herrikoia izango da, orain arte bezala. Horregatik, marka apurtzera ez datozen parte-har-tzaileentzat ere opari-poltsa eder bat egongo da, kamiseta tekniko batez eta hainbat gutiziaz osatua, eta ohi bezala helmugan hamaiketako bikaina izango dute zain, ikusleekin batera gozatzeko.

Izen-emateak oraindik irekita daude, www.kirolprobak.com webgunean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos