'Ongi Etorri Eskolara' proiektua abian jarriko da

Ongi etorri eskolara. Egitasmoaren aurkezpenean Zorrozua, Dorleta eta Oihane egon dira. / AMAXKAR

Orokieta eta Antoniano ikastetxeetan burutuko da proiektu hau, iritsi berrien eta bertako familien arteko zubiak eraikitzeko

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

'Ongi etorri eskolara', kultura artekotasuna osotasunean lantzen duen proiektu bat da, gelan, eskolan, familiekin eta auzoan edo herrian. Duela hiru ikasturte jarri zuten martxan Donostian emaitza oso positiboekin eta, esperientzia horretan oinarrituta, orain Zarautzera iritsi da.

Iratxe Zorrozuak, Immigrazio zinegotziak, eta Dorleta Mikeok, Elkarrekin kooperatibako kideak, proiektu honen berri eman dute eta bertan izan da baita ere Oihane Aisa herriko ikastetxeetan 'Ongi etorri eskolara' proiektua kudeatuko duen emakumea.

Orokieta eta Antoniano ikastetxeetan jarriko da proiektua martxan aurten, eskoletan kultur artekotasuna lantzeko helburuarekin. Kultur aniztasuna ikastetxe guztietan lantzen da, baina lanketa hori ikasgelan gelditzen da sarritan. «Irakasleek eta ikasleek jorratzen dute gaia, baina ez da ikastetxe osora zabaltzen. Proiektu honekin eskolako komunitate osoa inplikatu nahi dugu», adierazi du Dorleta Mikeok.

Irakasleez eta ikasleez gain, ikastetxeetako gainerako langileak eta gurasoak kultur artekotasunaren lanketan parte hartzeko asmoarekin sortu zuten 'Ongi etorri eskolara' egitasmoa eta orain herriko bi ikastetxeetan landuko dute.

Familia lagunak

Kanpotik datorren familiari begira sortzen da proiektu hau. Familia laguna programaren bidez askotariko sendiak batzen dituzte, bertakoak zein kanpotik etorritakoak. Zehazki, gela bereko haurren familiak elkar aurkezten dituzte, binaka, elkar ezagutu dezaten. Horietako bat bertakoa izango da eta bestea atzerritik heldutakoa eta haien seme-alabak, berriz, eskolara iritsi berriak.

Joan den ikasturtean 17 haur etorri ziren Zarautzera, «gehienetan lehen hona etorritako amak dituzte, lan bila etorriak eta behin hemen egokitzen direnean seme-alabak ekartzen dituzte», azaldu dute aurkezpenean.

«Eskolarako egokitzapen horretan, hasieran, hizkuntza ez ezagutzeagatik eta eskolarizazio sistemak ere bestelakoak direlako, bertakoak ez diren familiak askotan galdu samar ibiltzen dira. Egokitzapen hori samurragoa izan dadin eta ongi hartuak direla senti dezaten, etorri berriek familia lagun bat izango dute eskolari dagokion informazio guztia eskaini eta babesteko», azaldu du Dorletak.

6-12 urte bitarteko haurren familiek ikastetxeetan eman dezakete izena familia laguna programan parte hartu ahal izateko. Aurreko ikasturtetik ari dira Orokieta eta Antonianoko familiei egitasmo honen berri ematen eta erantzun ona jasotzen ari dira. Integrazioa eta kultur aniztasuna bultzatzea da azken finean guzti honen helburua.

Fotos

Vídeos