Liburu eta disko azoka gaurtik igandera Munoan

Liburu azoka. Bertaratzen direnak aukera paregabea dute eskaintza zabala ezagutzeko.
Liburu azoka. Bertaratzen direnak aukera paregabea dute eskaintza zabala ezagutzeko. / AMAXKAR

Euskadiko Liburu Ganbarak Zarauzko Udalaren laguntzarekin antolatuta

JUAN MARI ZUBIAURREZARAUTZ.

Euskadiko Liburu Ganbarak Zarauzko Udalaren laguntzarekin antolatutako liburu eta disko azoka izango da abuztuaren 24etik 27ra, Munoa plazan. Kultura trena herriz herri lemapean, liburu eta disko azokak Mungian hasi zuen ibilbidea eta Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herrietan geldialdia egin ostean, Zarautzera iritsiko da.

Azoka honetan liburu eta diskoen eta hauek banatzen eta argitaratzen dituzten etxeen inguruko nobedadeak ezagutzeko aukera izango da. Ordutegiari dagokionez, 11:00etatik 13:30era arte egongo da zabalik eta, arratsaldez, 16:30etik 20:00etara. Asteburuetan, ordu erdi beranduago itxiko da.

Bertaratzera animatu

Nekane Iribar Kultura zinegotziak euskal kultura bultzatzeko azoka honek duen garrantzia azpimarratu du, «honelako azoka bat Zarau-tzera ekartzea oso aberasgarria da. Euskara eta euskal kulturaren arloan zeresana du gure herriak eta urtero arrakasta handia izaten du azokak. Horregatik, azokaren aldeko apustua egin dugu beste urte batez eta herritar guztiak bertara gerturatu eta euskal liburu eta diskoen nobedadeak zein diren jakitera animatzen ditut».

Bertan erosi ahalko diren liburuen artean, Bernardo Atxagaren 'Txoriak Kolpeka' edo Toti Martinez de Lezearen 'Esne eta eztizko lurra' aurkitzen dira eta, diskoen artean, berriz, Ruper Ordorikaren 'Guria Ostatua', Xabi Solanoren 'Ereñotzu' edo Sorkunen 'Ziklomorphosia' lanak salgai izango dira. Gainera, azokan liburu sinadurak eskuratzeko aukera eskainiko dute.

Hala, abuztuaren 26 eta 27an Jon Arretxe, Javier Sagastiberri eta Miren Palacios idazleak izango dira euren azken obrak sinatzeko: Sator Lokatzak, Perversidad eta Escalera de Damas liburuak, hurrenez hurren. Lau egunetan liburuak eta diskak eskura.

Fotos

Vídeos