Lekeitioko uretan Enbata zazpigarren

Gora eta behera. Egoera nahasia topatu zuten Lekeitioko uretan traineruek eta ikuskizuna ederra izan bazen bertaratuentzat, ontzian lana pilatu zitzaien zarauztarrei.
Gora eta behera. Egoera nahasia topatu zuten Lekeitioko uretan traineruek eta ikuskizuna ederra izan bazen bertaratuentzat, ontzian lana pilatu zitzaien zarauztarrei. / ZAE

Lan ona egin arren zarauztarrak Deustuko ontziari aurrea ez hartu izana azpimarratu dute. KAE-1 Ligako 10. estropada berriro itsasora itzultzen zen baina egoera oso nahasia izan zuten

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Aurreko igandean, Lekeitioko uretan XXXII. El Correo-BBK Sari Nagusia jokatu zen, KAE-ARC-1 ligako 10. estropada. Eguerdiko 12:00etan ekin zitzaion saioari eta berriro itsasora itzultzen ziren zarauztarrak. Ipar mendebaldeko 1,5 metroko olatua eta ekialdeko haizearen eraginez, itsasoa zakarra izan zuten 12 traineruek. Zarauztarrak, Deustu, Getaria eta Pedreñakoak izan zituzten lehiakide bigarren txandan.

Aurrekoan, lehenengo txandan, sailkapeneko azken lau ontzien arteko lehiak Arkote izan zuen garaile eta datorren asteburuan etxean lehiatuko dute plentziarrak, bi egunetako estropadarekin.

Gure ontzira itzulita, itsas giroa eta azken asteetako gorabeherak ikusita Anjel Larrañagak Enbata osa-tzeko ondorengo arraunlariak aukeratu zituen: hankatik Aitor Jauregi eta Imanol Toledo, bankari Beñat Eizagirre, eta tiraka Imanol Tubia, Edgar Tamellini, Xabier Ormazabal, Igor Gurutxarri, Gorka Imaz, Unai Agirre, Imanol Eizagirre, Martin Rekondo, Eneko Esteibar eta Oinaz Arretxe, patroi lanetan berriz Gaizka Garmendia beteranoa.

Lekeition jendeak gustukoen duten kalea egokitu zitzaien zarauztarrei, baina igandekoan haizea ez zetorren barrualdetik, itsas aldetik baizik. Horrek albokako haize olatua sortzen zuen eta Santa Katalinaren amildegien ondoan jo ostean bueltan etortzen ziren olatuak. Horrek lehen kalea are gehiago nahastuz.

Hasiera kaskarra

Irteera jo eta lehen minuturako Enbata atzean geratu zen. Inguru narrasenetik irten ahala ordea, arraunketa egokia hartu eta Pedreña atzean utzi eta Deusturen parera iritsi ziren zarauztarrak. Ziaboga txukun baten ondoren, bigarren luzearen erdi parean Getariarrenganaino gerturatu ziren. Atzera berriz gune narratzera iristean Deustuarrek ere aurrea hartu zieten Enbatakoei.

Handik aurrera tarteak eta postuak mantendu egin zituzten eta azken luzean poparean ondo moldatuta, gerturatzea lortu zuten arren, txandan hirugarren izan ziren, lehen txandako guztien aurretik 21 minutu 39 segundo eta 50 ehunenekorekin. Pena izan zen Deustuarrei aurrea hartzeko aukera hori galtzea baina datorren asteburuan berriro aukera bikoitza dute eta egun duten puntu tartea txikitzen saiatuko dira.

Azken txandako garaile izan zen Donostiarrak 40 segundo atera zizkieten zarauztarrei, eta bailarako Zumaiarrak 2 segundo atzetik iritsi ziren, puntu bateko aldea Enbataren alde erori delarik.

Emaitza honekin, sailkapen nagusian 7. postuan jarraitzen dute 70 punturekin, aurretik dituzten Deustu eta Getariarrengandik 7 eta 8 puntuetara. 8. tokian kokatua dagoen Pedreñarekiko aldea zabala da une honetan, 20 puntukoa.

Datorren asteburuan Enbatak bi estropada jokatuko ditu Plentzian. Larunbatekoa arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta ETB1en ikusteko aukera izango dute zaleek. Igandekoa eguerdiko 12:00etan da.

Más

Fotos

Vídeos