Izeta II.aren agurrerako jaialdi handia

Iban San Martin, Izeta II.a, Esteban Collantes eta Juan Mari Iraola atzoko aurkezpenean.
/ETXEBERRIA
Iban San Martin, Izeta II.a, Esteban Collantes eta Juan Mari Iraola atzoko aurkezpenean. / ETXEBERRIA

Larunbat honetan egingo da , Aritzbatalde frontoian, doako sarrerarekin 32 urteko ibilbide luzearen ondoren, larunbatean utziko ditu plazak Jose Ramon Iruretagoienak, eta azken egun honetan beste errekor berri bat jartzen saiatuko da

ANTXON ETXEBERRIA ZARAUTZ.

Egun berezia izango da datorren larunbatekoa Izeta II.aren-tzat, kirol erretiroa hartuko duen eguna. Eta bizitza osoan egin duen bezala, bere kirol ibilaldi amaiera honetan ere errekor berri bat jar-tzen saiatuko da. 10.000 kilo sorbaldara igo nahi ditu txanda bakar batean; lehendabizi 50 altxaldi 100 kiloko kubikoari eta jarraian 100 kiloko zilindroari beste 50 altxaldi baina esku bakar batekin. Jaialdia, esan bezala, datoren larunbat honetan izango da, arratsaldeko 18:00etan, Aritzbatalde pilotalekuan, doako sarrerarekin. Izeta II.aren agurrean, beste 20ren bat harrijasotzaile eta lau aizkolari ere izango dira. Ordu eta hogei minutu inguruko iraupena izango du eta antolatzaile eta Izetari frontoia lepo ikustea gustatuko litzaieke.

Atzo goizean egin zuten udaletxean jaialdi honen aurkezpena, Iban San Martin, Udaleko Kiroletako zinegotziarekin; Esteban Collantes, Zarautz kirol elkarteko lehendakariarekin; Juan Mari Iraola, kirol elkarteko herri kirolak sailaren lehendakaria, eta Izeta II.a ere bertan zelarik. Iban San Martinek Izeta II.aren ibilbide profesionala goraipatu zuen. «Ibilbide luzea egin duzu, 32 urte plaza eta frontoiak betetzen eta txapelketei amaiera eman aurretik azken erronka egingo duzu. Jaialdi oso berezia izango da eta eskerrak ematea besterik ez zait gera-tzen. Harria eta Zarautzen izena mundu guztira zabaldu duzu, Estatu Batuak, Japon, Argentina eta beste hainbat lekuetara zabaldu dituzu. Gogoratzen dut ere egin zenuen Guinness errekorra, 100 kilotako zilindroa minutu bakar batean 22 aldiz altxa zenuenean. Larunbaterako zure buruari beste erronka jarri diozu. Ea dena ondo ateratzen den. Zarauztar guztiak eta herri kirol munduaren inguruan mugitzen diren guztiak gonbidatu nahi nituzke Jose Ramonei merezi duen babesa eta indarra emateko».

Larunbateko jaialdiak ordu eta 20 minutu inguruko iraupena izango du eta hiru zatitan banatuko da. Lehendabizi, Joxe Ramonekin ibili diren 20ren bat harrijasotzaileek (Urra, Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi, Goenatxo, Zelai ...) erakustaldi txiki bat egingo dute, eta aldi berean lau aizkolari arituko dira. Ondoren, Izeta II.a- azken errekorraren saiakera, eta azken zatian omenaldiaren unea. «Ez dago dudarik Joxe Ramon oraindik oso forma onean dagoela, hori larunbatean ikusi ahal izango dugu», zioen Juan Mari Iraolak. Eta horixe adierazi nahi izan zuen larunbateko protagonistak. «Nahiago izan det ondo nagoenean erretiroa hartzea, ezinean hasi aurretik, Niretzat harria dena izan da, asko eman dit, eta ondo nengoenean erretiratu behar nuela garbi neukan. Festibal handia muntatu dugu, eta ea arratsalde polita pasatzen dugun».

Esteban Collantes, Zarautz kirol elkarteko lehendakariak, Izeta II.a, Zarauzko herri kirol eskolarekin egiten ari den lana eskertu zuen. «Orain bost urte jarri genuen martxan eskola, eta fruituak ikusi besterik ez dugu. Gazte asko datozkigu atzetik, eta niretzat pozgarriena hori da»

Más

Fotos

Vídeos