Itxura ona eman duen arren, garaipenik ez du lortu Ulacia Grupok

DV ZARAUTZ.

Bi jardunaldi jokatu dituzte azken astean Ulacia Grupoko mutilek. Bi talde indartsu izan dituzte parean: Estela eta Grupo Santiago Automoción. Bi norgehiagokatan aurpegia eman duten arren, tarte txikiagatik porrotak jasan dituzte Iñaki Jimenezenek.

Urriaren 12an, ostegunarekin, etxeko estraineko partida jokatu zuen Ulacia Grupok. Giro ona kalean eta jai egun berezia izanik, harmailak itxura polita hartu zuen taldea babestu asmoz.

Partidara kontzentratuta irten ziren jokalariak pistara. Tomas Hampl zen buruhauste gehien sortzen zituen jokalaria bere 216 zentimetroekin. Lan ona egin zuten bere gainean, baina taldea ez da horretara mugatzen.

Lehen 5 hiruko saiakerak, 5 jokalari desberdinek egin zituzten eta 5 saskiratze lortu zituzten kantabriarrek. Defentsan lan ona egin arren, arriskuak hartu behar izan zituen etxekoek.

Dena dela, tarte txikietan ibili ziren lehen bi laurdenetan. Lehenengoa Estelak irabazi zuen hiru puntuz, baina, atsedenaldira gauzak estu zituztela joan ziren bi taldeak, 34-35.

Hala, aldagelatik itzulita dinamika berean jarraitu nahi izan zuten Ulaciako mutilek. Baina Estela talde handia da, eta laurdenean partida apurtzeko saiakaran, 10 puntuko abantaila lortu zuten azken laurdenean sartzeko. Dena dela, zarauztarrek ez zuten etsi, eta laurdena irabazita 9 puntuz galdu zuten neurketa. Bukaeran 63-72 Estela irabazle.

Fotos

Vídeos