Iñaki Galarraga: «Sasoiz eta animoz ondo nago, nire misiolari lanetan jarraitzeko prest»

Paraguayen elurrik ez, baina asteazkenean elurra ikusteko aukera izan zuen Iñaki Galarragak./ETXEBERRIA
Paraguayen elurrik ez, baina asteazkenean elurra ikusteko aukera izan zuen Iñaki Galarragak. / ETXEBERRIA

ANTXON ETXEBERRIAZARAUTZ.

Iñaki Galarraga Martija, Olaa baserriko semea, 68 urteko Frantziskotarra dugu eta hiru urtetik behin etortzen da etxera, Zarau-tzera. Urtarrila hasieratik gure artean dago, Frantziskotarren konbentuan, nahiz datorren asteazkeneaan berriz Paraguayko Caaguazura itzuliko den bere misiolari lanarekin jarraitzera. Asteazkenean, elurtearen egunean, berarekin egoteko aukera izan genuen. 1965 urte geroztik da fraide, eta bizitza osoa darama herritik kanpo, horietatik asko Paraguayen, baina Argentinan ere bizi izan da, eta Gipuzkoako zeinbait herritan ere, esaterako Tolosa edo Arrasaten. Osasun aldetik ondo aurkitzen da eta ilusiorik ere ez zaiola falta nabarmen du bere bidea jarraitzeko. Datorren asteazkenean berriz martxa egingo du Caaguazura, beste hiru urtetarako.

-Iñaki, kontatuko diguzu zure ibilbidea frantziskotar egin aurretik?

-Olaa baserriko semea nahiz, lau anaietatik hirugarrena. 68 urte ditut, eta apenas 10 urterekin Aran-tzazura joan nintzen Seminario txikira ikasketak egitera; gero Nobiziadoa hemen, fraidetan egin nuen; Filosofia Oliten; Teologia Arantzazun; ondoren bi urte Madrilen Teologia Pastolararen lizentziatura egiten eta handik Paraguayra joan nintzen, 26 urte nituela, 1975. urtean. Gogoratzen dut, Franco azaroan hil zen eta ni abenduan joan nintzen.

«26 urte nituela joan nintzen Paraguayra eta urte gehienak bertan eman ditut»

«Oso gustora, pozik nago, hura da nire tokia; neurri batean harako egina nago»

-Zuzenean Paraguayra?

-Ez, lehendabizi Argentinako Mar de Platara. Urtebete bertan eman nuen eskola batean gazteekin lanean. Frantziskotar gure erakundeak Argentinan eta Paraguayen etxeak ditu eta Mar de Platara bidali ninduten; garai hartan euskaldun asko joaten ginen.

-Eta nola erabakitzen da zuk nora joan behar duzun?

-Mar de Platan geundela, handik urtebetera gure arteko 'Kapituloa' ospatu genuen Resentida izeneko herrian. Guztira 42 fraide elkartu ginen, gehienak hemendik joandakoak, eta 'Kapitulo' horretan erabaki zen bakoitza nora joan. Niri aurrena Paraguayko Villarrica herrira joatea egokitu zitzaidan. Barrualdeko herri honetan gazteekin jardun nintzen lanean. Garai baten Seminarioa ere egon zen baina itxi egin zen mantentzeko mediorik ez zutelako. 'Kapitulo' horretan erabaki zen berriz zabaltzea, bestela gure lanak zentzu gehiegirik ez zuela. Villarican 8 urte eman nituen.

-Eta geroztik non ibili zara?

-Villarricatik Gipuzkoara etorri nintzen eta 4 urte egin nituen Arrasate eta Tolosako Frantziskotarren elizetan. Gero Madrilen beste bi urte egin nituen eta handik Caagazura, Paraguayra. Ondoren, Asuncion hiriburura, San Francisco eta San Pablo parrokietan egin nuen lan, eta segidan leprategi batean egon nin-tzen hiriburutik gertu kapelau bezala. Handik berriz Tolosara eta 3 urte eman nituen, eta berriz Asuncion hiriburuko San Francisco elizara beste 4 urtetarako. Azken 8 urteak Caaguazun daramatzat, 2009 geroztik han nago, kapitaletik 172 kilometroetara.

-Eta zenbat fraide zaudete?

-Momentu honetan 4 fraide eta hermano bat. Hiru euskaldunak gara. Iñaki Begiristain Agiñakoa, Luis Otazua Bermeo ingurukoa eta ni. Bestea eta hermanoa bertakoak dira.

-Zein izaten da zuen eguneroko lana?

-Parrokia handia da eta inguruko 33 auzoen ardura dugu. Parrokia lana egiten dugu; zaharren egoitzaren ardura, arazoak dituzten umeentzako ere etxe bat daukagu; ezinduentzat klinika ... Horien jarraipena egiten dugu eguneroko lan pastoralaz aparte. Behar handia dago, ez du honekin zer ikusirik, eta gure lantxoarekin pobrezia arintzen saiatzen gara.

-Gure inguruan Paraguaytaz ez da gehiegi entzuten?

-Ez, halaxe da. Hemen zaudela ez da entzun ere egiten; 7 miloi biztanle ditu. Zarautzen bakar batzuk badaude, baina asko Mediterraneo aldean daude lanean eta zer esanik ez Buenos Aires bezelako hiribiruetan.

-Nolakoa da Paraguayko jendea?

-Jende ona, eliz giroa asko bizi duena. Sentimendu erlijiosoa oso indarrean dago, garai batean hemen bezalatsu. Jende goxoa da.

-Noiz etortzen zara?

-Hiru urtetik behin bi hilabeteko oporrak izaten ditugu. Han orain udara da. Urtarrilaren 12an etorri nintzen eta datorren asteazkenean berriro martxa. Hemengo euriak, hotzak eta elurrak pasatakoan, hango berora.

-Aste hauetan frantziskotarren komentuan zaude?

-Bai, 8 fraide daude eta ni bat gehiago. Denak ezagunak ditut: Iturria, Artola, Biain, Ajuria, Beraza, Arsuaga ...

-Nola aurkitu duzu zure herria?

-Zarautz ederra dago. Ni zarauztarra naiz eta herria maite dut: ingurunea, familia eta ezagunak, itsasoa, jana, euskara ... Han ere hizkun-tza propioa dugu, guarania, batipat nekazari munduan hitz egiten da. Han euskaraz Iñaki Begiristainekin egiten dut edo 'Koxme' Josemaria Zubizarretarekin egokitzen nahizean. Bera Villarrican dago, baina Zarautzen ezaguna da, hemen bizi izan zen; 82 urte ditu, azkoitiarra da eta berak eta beste zenbaitzuk bultzatu zuten Zarauzko Euskal Jaia.

-Eta hara itzulitakoan, zein lan dituzu zain?

-Parrokiako eguneroko lanarekin aspertzeko betarik ez dugu. Datorren asteko ostiralean iritxiko naiz Caaguazura eta badakit, mezak, larunbat arratsaldean dozena bat ezkontza, bataioak; igandean meza pare bat gutxienik ... Lau fraide eta hermanoaren artean 33 auzotako elizen ardura daukagu. Aparte zahar etxea, klinika, umeen zaintza ... Gelditu gabe.

-Pozik han daramazun bizimoduarekin, ezta?

-Ni oso gustora, pozik nago, hura da nire tokia. Neurri batean harako egina nago. Ni beti beharretara egokitu naiz eta esan didaten tokietara joan naiz. Nire beharra, laguntza, behar izan den tokietan ibili naiz, batetik bestera. Hango etxe denak pasa ditut. Oraindik sasoiz eta animoz ondo nago, eta jarraitzeko prest.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos