'Ikasgela ibiltaria', gaurtik Zarautzen

Autobusa. Aurkezpen egunean ezagutzera eman zuten Foru Aldunditik bultzatutako ekimen hau. /
Autobusa. Aurkezpen egunean ezagutzera eman zuten Foru Aldunditik bultzatutako ekimen hau.

Munoan ezarriko den autobusean 8-16 urte bitarteko haur eta nerabeek kultura digitala landu eta programatzen ikasteko aukera izango dute

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako Ikasgela ibiltaria ekimena, gaur, uztailaren 8a, Zarautzera iritsiko da. Autobus ibiltaria Munoan ezarriko da eta uztailaren 10a, astelehena, bitartean programazio ikastaroak eskainiko ditu 8 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeentzat. Ikastaroak 45 minutukoak eta doakoak izango dira, eta bertan, bideo-jokoak programatu zein web orrialdeak sortzen ikasteko aukera eskainiko zaie interesa duten gazteei.

Jon Andoni Urdangarin Urrutia Gaztedi zinegotziak adierazi duenez, ikasgela ibiltariaren helburua kultura digitala lantzea eta programatzen ikastea da, «beharrezkoa da alde guztietatik inguratzen gaituzten makinen ibiltzeko modua eta gailu horiek darabilten teknologia ezagutzea. Idazketaren kasuan gertatzen den bezala, programazioaren gakoa ezagutuz gero, norberaren ideiak sortzeko eta partekatzeko aukera eskaintzen da. Gainera, gure gazteek oraindik sortu ere egin ez diren lanetan ariko dira etorkizunean eta erronka horiei egoki aurre egiteko modua programatzen ikastea da».

Hala, programazioaren ikaskun-tzan, sormen teknologikoa eta STEM gaiak (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) sustatzen dituzten hezkuntza gaitasunak landuko dituzte gazteek: pentsamendu logikoa, autozuzenketa eta errore bilaketa prozesuak, problema konplexuen ebazpenerako erronkak eta estrategiak (algoritmia eta ikaskuntza), eta talde lana eta ideien komunikazioa, besteak beste.

Gaztedi zinegotziak 8 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeei ikastaro hauetan parte hartzeko gonbidapena luzatu die, «aukera paregabea da Zarauzko gazteentzat ikasgela ibiltaria bezalako ekimen bat gure herrian izatea. 45 minutuko ikastaro hauetan programazioaren oinarriak zein diren ezagutu eta hauek lantzeko aukera dugu, Zarauztik mugitu gabe. Taldean zein banaka eman daiteke izena, beraz, animatu eta ez galdu kultura digitalean murgiltzeko aukera!». Izen-ematea eta ekimenaren inguruko informazioa www.gipuzkoangazte.eus web orrialdean dago eskuragarri.

Talde baten orduaren erreserba egiteko eta izen emate prozesuan laguntza jasotzeko, proiektu honen Idazkaritza Teknikoarekin jarri ahal izango dira interesatuak harremanetan, 943 000 333 telefono zenbakira deituta, edo info@kode-eskola.eus helbidean.

Más

Temas

Zarautz

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos