Helduentzat euskal dantza ikastaro berrirako izen emateko epea zabalik

DV ZARAUTZ.

Euskal dantzen inguruko giroa sortu eta gure tradizioa diren erromeriak sustatu eta mantentzeko helburuarekin Zarauzko Udaleko Kultura sailak dantza ikastaroak eta dantzaldiak antolatuko ditu datorren ikasturtean ere. Aurreko urteko arrakasta ikusita, aurten hiru talde osatuko direla jakinarazi du Nekane Iribar Kultura zinego-tziak: «Joan den ikasturtean hasiberrien taldean 30 pertsona izan ziren eta jarraipen taldean 40 inguru hartu genuen parte. Jendea kanpoan geratu zela ikusita, aurten hasiberrien talde bat eta jarraipeneko bi talde osatuko ditugu, ahalik eta aukera gehien zabaltzeko parte hartu nahi duten guztiei».

Ikastaroak 2017ko urrian hasiko dira eta 2018ko maiatza arte luzatuko dira. Aurreko urtean bezala, ikastaroa Aritzbatalde kiroldegian izango da eta ALAKEN taldeko Goizane Arregik emango ditu eskolak. Guztira, 42 ordu izango dira aurtengo ikasturtean: 28 egunetan, ordu eta erdi egunean. Matrikula 85 eurokoa izango da eta izen ematea dagoeneko zabaldik dago Kultura saileko telefonoan (943 00 51 20) edota posta elektronikoan (kultura@zarautz.eus)

Dantzaldiak hilean behin

Dantza eskoletan ikasitakoa erakusteko asmoz, ALAKEN taldeak hilean behin dantzaldia eskainiko du. Aurreko urtean bezala, Musika Plazan izango dira emanaldiak, eguerdiko 12:00etan, hileko lehen igandean hain zuzen ere. «Jarraipeneko taldean ginenok lehen egunetik hartu genuen parte dantzaldietan baina hasiberriak segituan animatu ziren eta hilero Musika Plaza betetzen genuen euskal dantzekin herria girotuz», nabarmendu du zinegotziak.

Nekane Iribarrek herritar guztiak ikastaro hauetan parte hartzera animatzen ditu. «Giro ederrean, oso ondo pasatzen dugu».

Fotos

Vídeos