Haur eta gazteentzako triatloi udalekuek oso harrera ona izan dute

Eneko Llanos.Triatleta ezagunaren aholkuak jaso zituzten ostegunean udalekuetako haur eta gaztetxoek. /
Eneko Llanos.Triatleta ezagunaren aholkuak jaso zituzten ostegunean udalekuetako haur eta gaztetxoek.

Ostegunean amaitu ziren NIK TRI Triatloi Elkarteak Txurruka aterpetxean antolatu dituen udalekuak

ANTXON ETXEBERRIA ZARAUTZ.

Abuztuaren amaierarekin batera, Zarauzko NIK TRI Triatloi Elkarteak antolaturiko triatloi udalekuek azkeneko eguna izan zuten ostegunean. Hala, Orioko Txurruka aterpetxean egunotan jaun eta jabe izan diren haur eta gazteek, bertan ospatu zen '#izanniktri IV. Aia-Oriotriatloi txikia eta herrikoia' proban parte hartuz borobilduko dute egonaldia.

Txurrukako aterpetxean ospaturiko udalekuen 7. edizio honetan parte hartzeko eskakizuna izugarria izan da, eskainitako 80 lekuak berehala bete direlarik. Aurrez, gainera, Nafarroako lurretan beste 34 gaztek Arotz Eneako udalekuetan egun ahaztezinak bizitzeko aukera izan zuten.

Finean, kirolaz gozatu, inguruak ezagutu eta, bereziki, lagun berriak egiteko aukera bikaina eskaini dute bi udalekuek. Hori guztia euskaraz bizi ahal izan dute partaideek, euskararen erabilera NIK TRI Triatloi Elkarteak antolaturiko ekitaldien oinarri garrantzitsua baita.

NIK TRI udalekuen garapenerako lantaldea oso anitza da, aisialdian eta triatloian adituak diren neska-mutilek osatzen dutelarik. Baina zerbaitetan txapeldunak baldin badira, giro atsegina sortzen da. Aurten, Eneko Llanos triatloilari ospe-tsuaren bisita berezia ere izan dute, Txurrukako aterpetxera gerturatu eta udalekuetako gaztetxoekin solasaldi goxoa partekatu duelarik.

2017 urteko NIK TRI udalekuak '#izanniktri IV. Aia-Orio triatloi txikia eta herrikoia' festa handiarekin amaitu badira ere, hurrengo asteotan beste bi proba ikusgarri ospatuko dira: Donostian eta Legution. Hala, irailaren 17an (igandea) Donostiako Kontxako hondartzan 'Busti lagunekin' uratloi txikia eta 'Busti lankideekin' enpresen taldekako igeriketa probaren 5. edizioa ospatuko da. Bestetik, irailaren 23an (larunbata) 9-14 urte bitarteko gaztetxoentzako III. Triatloi Kross Txikia ospatuko da Legution.

Baina NIK TRI Triatloi Eskolak ez du etenik izango, eta ume zein helduentzako zerbitzua eskaintzen jarraituko du urritik aurrera. Horrenbestez, 9-14 urte bitarteko gaztetxoek bi astetik behin Zarautz eta Donostian igande goizetan triatloiaz gozatzeko aukera izango dute. 15 urtetik gorakoek, halaber, NIK TRI triatloi Elkartearen ateak zabalik dituzte triatloian hasi edo trebatu nahi badute. Informazio gehiago, 943 833 641 telefonoan.

Fotos

Vídeos