Hasi da Haurren Gabonetako hamabostaldia

Haur parkea. Udal kiroldegian zabalik egongo da gaur eta bihar goiz eta arratsaldez.
/AMAXKAR
Haur parkea. Udal kiroldegian zabalik egongo da gaur eta bihar goiz eta arratsaldez. / AMAXKAR

Atzotik datorren urtarrilaren 4a bitartean Haur Kultur Taldearen eskutik Gabonetako Hamabostaldiak ekimen ugari prestatu ditu Atzo ireki zen dibertsitate funtzionala duten elkarteetako kideentzat eta gaur Haur Parkea zabalduko da

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Haur Kultur Taldeak eta Zarauzko Udalak elkarlanean urtero antolatzen duten Haurren Gabonetako Hamabostaldia ekitaldiz beteta dator. Atzo, hasi eta urtarrilaren 4a bitartean, Zarauzko haur eta gazteek gabon oporraldia ondo pasatzeko eskaintza zabala izango dute.

Gaur eta bihar, Gabonetako Haur Parkea irekiko da Aritzbatalde kiroldegian. 0 eta 7 urte bitarteko haurrentzat puzgarriak egongo dira eta 8 eta 12 urte bitartekoentzat jolasak antolatuko dira frontoian. Ordutegiari dagokionez, goizez 11:00etatik 13:00etara irekiko da eta arratsaldez 16:30etik 19:00etara zabalik egongo da baita.

Zentzu honetan, Miren Letamendia Osasun zinegotziak azpimarratu duenez, dibertsitate funtzionala duten elkartetako kideentzat parkea lehenago ireki da, «atzo, 16:30etik 19:00etara, dibertsitate funtzionala duten haur eta gazteek gaztelu puzgarriekin jolastu eta frontoian talde jolasetan aritzeko aukera izan dute, Gabonetako Haur Parkeak beraientzat bakarrik irekiko bai zituen ateak».

«Bertan, Zarautz Egokituz, Aspace, Gautena, Atzegi, Ortzadar eta Pausoka elkarteetako kideak etorri ziren hauentzat egokitutako jolasekin ondo pasatzera. Elkarteek haur eta gazte hauen alde egiten duten lana babestu nahi dugu eta parkea beraientzat bakarrik zabaltzeko aukera eskaini», gaineratu du.

Honez gain, ostiralean kiroldegiko igerilekuan haur jolasak eskainiko dira LH3, LH4, LH5 eta LH6 mailetako haurrentzat. Haur Parkerako eta Ur jolasetarako sarrera doan izango da. Larunbatean, bestalde, urtero arrakasta handia izaten duen emanaldia eskainiko da Aritzbatalde Kiroldegian, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Borobilean ikuskizuna. Bi emanaldi eskainiko dira: lehena 16:00etan eta bigarrena, 18:30ean. Sarrerak dagoeneko salgai daude, sei eurotan, Andatza kafetegian, Geltoki tabernan eta Santa Marinako Koxkor okindegian.

Urteari hasiera emateko, dagoeneko oso ezaguna eta maitatua den Txu-Txu trena Zarauzko kaleetan zehar ibiliko da urtarrilaren 2an eta 3an. Irteera geltokia Lege Zaharren enparantzan egongo da, 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 19:00etara.

Honez gain, Ballet Errusiarrak emanaldi berezia eskainiko du urtarrilaren 2an Aritzbatalde Kiroldegian, 18:30ean. Sarrerak Turismo Bulegoan eskuratu daitezke hiru euroko prezioan.

Hamabostaldiari amaiera emateko, urtarrilaren 2an, 3an eta 4an, 11:30ean Musika Eskolan ipuin kontalariak izango dira, adin ezberdinetako haurrentzat.

Hala, urtarrilaren 2an, hiru eta sei urte bitarteko haurrentzat eta euren gurasoentzat Oihana Etxegibelek haserrea, beldurra, lotsa eta poza bezalako emozioen inguruko ipuina kontatuko du, 'Emozioen zurrunbiloa' izenekoa.

Urtarrilaren 3an, 5 eta 8 urte bitarteko haur eta gurasoei zuzendutako saioa izango da: Maite Franco-k 'Nire etxea zurea da' istorio sorta eskainiko ditu, kulturartekotasuna lantzeko, umorea, misterioa, parte hartzea eta jolasaren bidez.

Azkenik, urtarrilaren 4an, zor- tzi eta hamar urte bitarteko haurrek Itziar Saenz de Ojerrekin izango dute ipuin kontaketa saioa. Bertan, ipuinek eskaintzen diguten magiaz baliatuko da kontalaria, izaera, gorputz eta desira anitzen mundu batera bidaiatzeko 'Ipuinetatik jabekuntzarantz' ipuinarekin.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos