Grupo Ulacia etxean berriro sendo, Mondragon Unibertsitateari irabazita (82-66)

Oso pozik. Ulacia Grupok lau garaipen lortu ditu jarraian etxean, zaleen babesarekin. /  AMAXKAR
Oso pozik. Ulacia Grupok lau garaipen lortu ditu jarraian etxean, zaleen babesarekin. / AMAXKAR

Aritzbatalden indartsu azaltzen dira Iñaki Jimenezen jokalariak. Jarraian lau garaipen eskuratu dituzte zaleen aurrean

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Garaipenaren bidean sendo eusten dio etxean Ulacia Grupok. Igandekoarekin laugarrena eskuratu dute jarraian. Orain kanpoko lehena eskuratzea desio dute Iñaki Jimenezenek, aurrera begira indar asko emango liekeen garaipena.

Jende ugari zegoen Aritzbataldeko harmailan igande arratsaldean, eta, egia esan, partidak merezi zuen. Ikusmin handia piztu zuen norgehiagoka zen Ulacia Grupo eta Mondragon Unibertsitatearen artekoa.

Bi taldeek garaipenaren gosea zuten, bientzat ere oso garrantzitsua zelako pareko taldearen aurka irabaztea denboraldiak izango duen norabidea ikusita. Partida txukun hasi zuten zarauztarrek, intentsitate handiko minutuak jokatuz, 18-14ko lehen partziala eskuratuta. Baina Arrasateko taldeak defentsako lana hobetu eta atsedenaldira aurretik joatea lortu zuten, 29-30 kanpokoen alde.

Susperraldia

Bigarren zatia, ordea, bestelakoa izan zen. Joko eder eta alaia erakutsi zuten Ulacia Grupoko mutilek. Kanpoko jaurtiketan asmatzen ez zuten arren, sekulako ekarpena egin zuen Aitzol Eguskitza pibotak, partida amaieran MVPa izango zenak, bigarren erdian 21 puntu saskiratuta.

Atzean lan ona egin zuten baloi ugari lapurtuz eta korrika egiteko abaguneak ongi baliatuz eta horrek saria ekarri zien zarauztarrei. Errebotean sekulako aldea izan zen, erasoan 18 hartzeraino. Hirugarren eta laugarren laurdenetan 28 eta 25 puntu sartu zituzten hurrenez hurren. Dena dela, 28-15eko partzialaren ostean azken laurdenean 12 puntuko abantailarekin sartu baziren ere, Mondragon Unibertsitatekoek ez zuten amore eman.

Berriz ere 5 punturaino gerturatzea lortu zuten etxekoen akatsak baliatuz, baina aurretik egindako joko bizkor eta eraginkorrera itzuli zirenean garaipena etxean uztea lortu zuten Iñaki Jimenezenek. Bukaeran 82-66 eta itzulerako partidari begira abantaila ezin hobea zarauztarrentzat.

Sailkapenean lau garaipen lortu dituztenen multzo handian sartuta daude beste bost talderekin batera, bederatzigarren tokian kokatuta. Datorren asteburuan kanpoan jokatu eta jarraian beste bi partida izango dituzte etxean Easo Loquillo eta La Gallofa, abenduko zubiaren barne eta hor indartsu mantentzen badira eta etxean erakutsi duten saioari eusten badiote aurrerapauso handia emango lukete baina biak oso talde onak dira eta sailkapenean aurretik daude.

Baina hori geroko kontua da zeren lehendabizi Eguesibarrera joango dira asteburu honetan, hango taldeari irabazteko asmotan. Talde nafarrak garaipen bat gutxiago du eta aurkari zuzena da. Etxetik kanpora egin dituzten partida onak ikusita, lan horri jarraipena eman eta urrun eskuratutako lehen garaipena eskuratu nahi dute zarauztarrek igande honetan. Dagoeneko horretan ari dira burubelarri lanean.

Eguskitza bikain

Partida borobila jokatu zuten Iñaki Jimenezen jokalari guztiek baina denen gainetik Aitzol Eguskitza kokatu zen. Zarauztar pibotak 27 puntu lortu zituen, 8 errebote eta txapel bat jarri zuen. 28ko balorazioarekin partidako MVP izan da asteburuan. Estanis Andresek ere puntu asko sartu zituen, 18, eta Xabier Osaren zenbakiak ere aipagarriak dira, 14 puntu, 8 errebote eta 2 txapel.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos