Gaztelekuko udako ekintzek arrakasta izan dute

Gaztelekuko udako ekintzetan gazte askok hartu dute parte.
Gaztelekuko udako ekintzetan gazte askok hartu dute parte.

DV ZARAUTZ.

Uda oparoa izan da Zarautzen eta Haize-Orratz gaztelekuko hezitzaileek ere ekitaldi mordoa antolatu dute gaztetxoek aspertzeko astirik izan ez dezaten. Guztiek arrakasta handia izan dute eta azpimarratzekoa da Zarauzko DJ nerabeek proposatutako 'Karramarro Fest' jaiak izandako harrera beroa. «Gaztelekuko hezitzaile taldeen laguntzarekin aurrera eraman genuen 'Karramarro Fest' malekoiko Desertu Txikian. Jende ugari elkartu eta festa ederra izan zen, erantzun oso onarekin; 250 nerabetik gora gerturatu zen jai honekin gozatzera», azaldu du Gazteria zinegotzia den Jonan Urdangarin Urrutiak.

Hala, nerabeek herriko jaietan horrelako ekintza gehiago antolatzeko eskaera luzatu diote Zarauzko Udalari. «Dinamika berdinarekin jarraitzeko asmoa dugu, nerabeek ere jaietan gozatu eta eroso egoteko euren txokoa izan dezaten», gaineratu du Gazteria zinegotziak. Zentzu honetan, maiatzean 203 nerabek erantzundako galdeketan oinarrituriko programa osatu dute Gaztelekuko arduradunek uda honetarako. Honela, Udagazte17 izeneko egitarauaren baitan esperientzia anitzak eta ederrak bizi izan dituzte, gustukoenak egun pasak. Zinegotziak eta Gaztelekuko hezitzaileek eskerrak eman dizkiete Zarauzko familiei eurengan konfiantza jartzeagatik eta nerabeak zoriondu dituzte izandako jarrera onagatik.

Fotos

Vídeos