Gaurko Koadrilen Eguneko egitaraua goitibeherek zabalduko dute

Herri bazkaria. Pasta eta tortilla lehiaketaren ondoren, herri bazkaria izango da Musika plazan. / AMAXKAR
Herri bazkaria. Pasta eta tortilla lehiaketaren ondoren, herri bazkaria izango da Musika plazan. / AMAXKAR

Egunean zehar gune desberdinak izango dira haur, nerabe eta gazteentzat

ANTXON ETXEBERRIA ZARAUTZ.

Haur, nerabe eta gazteentzako hainbat ekitaldi izango dira gaurko Koadrila Egunean. Goizetik hasi eta goizalderarte, izango da bai non gozatu. Eta eguna zabaltzeko, goitibeherak izango dira Vista Alegre auzoan. Azken urte hauetan ez da goitibehera jaitsierarik egin, baina gaur goizean, 10:00etatik aurrera, dozena bat elkartuko dira, eta denbora gutxienean jeitsiera burutzen duen koadrila izango da garaile.

Jaitsiera amaitu ondoren, jai giroa herriko gune desberdinetara zabalduko da. Adibidez, Salbide parkean, haurren gunea ezarriko da (4-8 urte), eta bertan tailerrak, puzgarriak, jolasak... izango dira, ludotekako hezitzaileen eskutik. Eguerdiko 12:00etan herri kirolak hasiko dira Musika plazan, txosnaren irekierarekin batera. Pasta eta tortilla lehiaketak iragartzen dira eta ondoren herri bazkaria eta nahi dutenentzat mus txapelketa.

Haur gaztetxoentzat (9-11 urte) gunea arratsaldeko 16:30ean zabalduko da Arrosaledako parkean, Slasckine ikuskizuna, jolasak... Nerabeek ere bere gunea izango dute, hauentzat, 12-18 urteetakoentzat, Lege Zaharren enparantzan, ginkana eta guzti Haize-Orratz gaztelekuaren eskutik. Arratsaldeko 17:00etan elektrotxaranga abiatuko da Musika plazatik eta jai gune guztiak bisitatuko ditu, kalejira alaian. Jarraian, 19:30ean, dj-ak Lege Zaharren enparantzan: Dj Avery, DJ Jokinreez, Dj Imperial, DJ Javi eta DJ Davila, eta hauekin batera, Blackwaves taldearekin dantzaldi alaia iluntzeko 20:00etatik aurrera gauerdirarte.

Gauean ere festa

Afal ostean, Abiba diskojaia iragartzen da nerabeentzat Zinema Pilotalekuan. Musika plazan, berriz, Garilak 26 erromeria taldea gaueko 23:00etan hasi eta goizaldeko 03:00ak arte eta kalean jarraitu nahi dutenentzat, goizaldeko 04:30ak arte gaugiro musikatua txosnan.

Ikusi daitekeen bezala, denetarik izango da gaurko egunean, haur eta txikienetatik hasi eta adin guztiengan pentsatuz saiatu dira egitaraua prestatzen gazte departamendutik, eragile desberdinen laguntzarekin. Zarauzko Koadrila Egunaren berezitasuna ere blusa izaten da, beraz, kolore guztietakoak ikusiko ditugu gaurko festaren zehar. Ondo pasa, disfrutatu!

Fotos

Vídeos