Gaur hasiko da udal aurrekontuen parte hartze prozesua Iñurritzako bilerarekin

J.M. ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Gaur arratsaldeko 19:00etan hasiko da Iñurritzako jubilatuen elkartean egingo den bilerarekin aurtengo udal aurrekontuak osatzeko prestatu den prozesua.

Hiru bide izango dituzte herritarrak parte hartzeko, euren ekarpenak egin ditzaten, auzoz auzo egingo diren zazpi bileretan (gaur lehenengoa eta bihar bertan bigarrena), herrian ezarriko dituzten postontzien bidez eta posta elektronikoz.

Jakina da, udal aurrekontuak egiten hasi aurretik 2018ko ordenantza fiskalei behin-behineko onespena eman behar zitzaiela eta urrats hau eman ondoren Udal Gobernuak, gaur jarriko du abian herritarren parte hartze prozesua.

Bilerak

Iñurritza eta Mendilauta biltzen dituen bilera gaur 19:00etan Iñurritzako jubilatu elkartean egingo da. Bigarren bilera bihar izango da, ostirala, Aritzbatalde eta Azken Portukoei zuzendua, Kristau Biltokian arratsaldeko 19:00etan.

Datorren astean beste bi bilera egingo dira. Hiruerreketako auzokideentzat bertako aparkalekuan egingo da bilera, datorren asteartean, hilak 24, arratsaldeko 19:00etan eta ostiralean, urriak 27, Zelai Ondo, Mitxelena eta Itxasmendiko auzotarren bilera egingo da Aritzbatalde kiroldegian.

Azken hiru bilerak urriak 30, astelehenean, hasiko dira. Urtetako auzoko elkartean, iluntzeko 20:00etan hasita lehen bilera egingo da. Aste horretako bigarrena, asteartean, hilak 31, Vista Alegre auzoko egoitzan, arratsaldeko 19:00etan eta azkenik ostegunean, azaroak 2, Alde Zaharreko auzokideentzat udaletxean (Portuetxen) arratsaldeko 19:00etan.

Postontziak

Ekarpenak edo iradokizunak egiteko beste bidea, postontziak erabiltzea da, dagoeneko jarri dituzte ondorengo toki hauetan: udaletxe aurrean, Herritarren Arreta Zerbitzuaren parean, Iñurritza auzoan, Aritzbatalde kiroldegian, udal euskaltegian, Vista Alegre auzoan eta Sanz Enea kultur etxean.

Posta elektronikoa

Azken bidea posta elektroniko bidez egitea izango da. Horretarako aurrekontuak@zarautz.eus helbidera idatzi besterik ez dago. Abenduan aurrekontuak onartu nahi dituzte, beraz lagundu.

Fotos

Vídeos