Garaipen garrantzitsua La Flecharen aurka

Lizarriturri saskiratzen asteazkeneko partidan. /  ELENA
Lizarriturri saskiratzen asteazkeneko partidan. / ELENA

Ulacia Grupok 60-51 irabazi zuen talde gaztelarraren aurka

DV ZARAUTZ.

Estu egongo da aurten mailari eusteko borroka. Hasieratik jakina zen hori. 16 taldeko multzo batean 5 edo 6 taldek galduko dute kategoria. Hala, garrantzitsuak dira aurkari zuzenen kontrako partidak eta, momentuz, Ulacia Grupoko mutilek borroka horretan garaile izan nahi dutela erakutsi dute.

La Flecha talde gaztelarra etorri zen Aritzbataldera asteazken arratsaldean eta garaipena etxean geratu zen. Eta hasieratik zarauztarrek irabazteko zuten nahia argi utzi zuten arren, kosta egin zitzaien zarauztarrei helburua betetzea. Defentsan talde gogorra da Arroyo de la Encomiendakoa (Valladolid) eta horri aurre egiten nahikoa lan izan zuten Iñaki Jimenezenek.

Nahiz eta partida nagusitasunarekin hasi, 23-16, bigarren laurdenean zigor handia jaso zuten 7-22ko partzialarekin. Hala, atsedenaldira 8 puntuz atzetik eta nahikoa burumakur joan ziren zarauztarrak.

Baina EBA ligan gauza jakina da partida guztian borrokatuta ezin dela inoiz ere bukaerako emaitza aurreikusi, eta, beste behin, hori argi geratu zen. Hirugarren laurdenean La Flechak minutuz minutu ikusi zuen hartutako abantaila nola jaten zieten Ulacia Grupokoek.

Eta, erritmo horri eutsita, eta gaztelarren erasoko ekarpen eskasa baliatuz, 60-51 irabazi zuten zarauztarrek. Nabarmentzekoa bigarren zatian 13 puntu baino ez zituztela jaso.

Atsedenerako denborarik gabe, bihar, larunbata, Ordiziari egingo diote bisita, hau ere aurkari zuzena, Majori kiroldegian, arratsaldeko 18:00etan. Ea partida dotore bat ikusteko aukera dugun eta garaipena patrikan ekartzen duten Ulacia Grupoko mutilek. Denboraldiko hirugarrenaren bila kantxaratuko dira.

Fotos

Vídeos