Euskararen talde motorra osatzeko lehen bilera bihar egingo da

DV ZARAUTZ.

Zarauzko Udalak eta Zarauzko Euskararen Aholku Ba-tzordeak prozesu parte-hartzaile bat jarri dute martxan euskararen erabilera aktibatzeko helburuarekin. Prozesua Euskaltzaleen Topaguneak dinamizatuko du eta lehen bilera bihar, uztailak 5, izango da. Nekane Iribar Euskara zinegotziak prozesu parte-hartzailearen nondik norakoak azaldu ditu: «Lehen bilera honetan euskararen talde motorra osatuko dugu.

Taldea osatzeko 22 pertsonek eman dute izena eta hauek izango dira parte-hartze prozesuko hiru saioak antolatuko dituztenak. Gaiak aukeratu eta saioetan parte hartzeaz gain, saio bakoi-tzaren ondoren elkartu eta bertan landutakoaren inguruko balorazioa egingo dute». Prozesuan parte hartzeko izen ematea oraindik zabalik dagoela gogorarazi du Iribarrek, euskaraz@zarautz.eus helbide elektronikoan.

Parte-hartze prozesua abiarazi eta asmoen berri emateko, Kike Amonarrizek 'Zarautz, euskararen arnasgune eta motore?' hi-tzaldia eskaini zuen ekainaren 15ean, eta bertaratu ziren guztiei parte hartzeko hainbat aukera zabaldu zitzaizkien: lehena, talde motorreko kide izateko aukera; bigarrena, parte-hartze prozesuko hiru saioetan ekarpenak egiteko; eta hirugarrena, prozesu parte-hartzailearen inguruko informazio guztia jasotzeko.

Euskara zinegotzia «oso pozik» azaldu da hitzaldiak izan zuen arrakastarekin eta prozesuan parte hartzeko interesa azaldu duten guztiekin: «Talde motorrerako jada 22 pertsonek eman dute izena eta parte-hartze prozesuko saioetan 31 dira ekarpenak egiteko interesa azaldu dutenak, momentuz. Gainera, 41 pertsonek prozesuaren inguruko informazioa eskuratzeko eskaera egin dute. Guztira, 94 pertsonek azaldu dute prozesuaren inguruan interesa eta oso positiboki baloratzen dugu», azaltzen du Euskara zinegotziak.

Fotos

Vídeos