Euskaraldia egitasmoa aurkeztuko dute igande eguerdian Munoan

Euskaraldia. Igandean burutuko den aurkezpena iragartzeko talde handia bildu zen Villa Mundan, Ahobizi eta Belarriprest barne. /  AMAXKAR
Euskaraldia. Igandean burutuko den aurkezpena iragartzeko talde handia bildu zen Villa Mundan, Ahobizi eta Belarriprest barne. / AMAXKAR

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da Euskaraldia

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Villa Mundan aurreratu zuten Nekane Iribar Euskara zinegotziak eta Rita Aldabaldetreku Zarauzko Euskaraldiko dinamiza-tzaileak datorren igandean Munoan egingo den aurkezpena. Bertan Iribarrek azaldu zuen zer den ekimen hau, «Euskaraldia gure hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da, eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da». Zinegotziak gogoratu zuen Zarautz herri euskalduna dela, «hiru laurdenak euskaldunak dira gure herrian eta datu hauen arabera espero zitekeen zarauztarrok ditugun elkarrizketa gehienak euskaraz izatea, baina ez da horrela gertatzen. Euskaraz badakigu, baina ez dugu horrenbeste erabiltzen. Elkarrizketen erdiak bakarrik egiten dira euskaraz Zarautzen».

«Egoera hori hobetzeko tartea badago, eta horretarako batu ditugu gure indarrak, bai udalarenak eta baita hainbat euskaltzalerenak», adierazi zuen euskara zinegotziak.

Euskaraldiaren Zarauzko dinamizatzailea eta Gipuzkoako koordinatzailea den Rita Aldabaldetrekuk esan bezala, «lortu nahi dena da euskaraz dakien orok euskaraz egin ahal izatea, eta ulertzen duen orok, euskaraz egin ahal izatea ahalbidetuko dio egin nahi duen orori».

Haur jolasak eta bertsoak

Datorren igandean, Munoan aurkeztuko dute egitasmoa, herrira zabaltzeko. 12:00etan haur jolasak egongo dira, eta ondoren 12:30ean aurkezpenari ekingo zaio bertako karpan. Besteak beste, ekitaldi horretan herriko 11 pertsona aurkeztuko dituzte, euskararen arloan erreferenteak diren 11 herritar.

Andoni Egañak eta Nahikari Gabilondok borobilduko dute eguerdia euren bertsoekin eta aurkezpenari festa giroa emateko asmoarekin triki poteo bat egingo da herriko kaleetan.

Zarauztarrak irailaren 20tik aurrera eman ahalko dute izena Euskaraldirako, udarako atseden garaia amaitutakoan. Txapa bat eskuratuko dute izena ematen dutenek, Ahobizi edo Belarriprest, euskara mailaren eta konpromiso mailaren arabera. Euskaraldiaren prestaketan parte hartu nahi duen orok ateak zabalik dituela gogoratu zuen Aldabaldetrekuk, eta batzordean parte hartzera gonbidatu. Hilean behin elkartzen dira. Interesa duenak mezua bidali dezake zarautz@euskaraldia.eus helbidera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos