Eskola Kirolaren festa gaur hainbat gunetan

Urte osoan zehar eskola kirolak ehunka haur biltzen ditu, besteak beste plaieroetan. / ETXEBERRIA

Kirol modalitate desberdinak praktikatuko dira eskola kirolaren 25. urteurrena betetzen den honetan

ANTXON ETXEBERRIAZARAUTZ.

Gaur, larunbata, hilak 23, eta estreinakoz, Eskola Kirolaren festa izango da Zarautzen. Zarauzko ikastetxeetako kirol koordinatzaileek osatutako Eskola Kirola Mahaiak antolatuta eta Zarautz, Orio, Aia eta Getariako eskolek, udalek, kirol elkarteek, eta Eskola Kirolaren Aldeko Plataformak (EKAP) babestuta, festa honen helburua eskola kirola bultzatzea eta larunbatero milaka haurrek bizitzen dutena herriari gerturatzea da. Izan ere, eskola kirola Zarauzko ikastetxeen barruan praktikatzen da, herrigunetik urrun. Hala, jai honen bidez, eskola kirolaren inguruan dagoen parte hartze handia eta boluntarioen lana plazaratu nahi dute antolatzaileek. Era berean, eskola kirolaren 25. urteurrena ospatzeko aitzakia bikaina da gaur egingo den festa.

Musika Plazan hasiko da

Zentzu honetan, ekintza ezberdinak antolatu dira Zarauzko herrian zehar eskola kirolaren baitan larunbatero ikastetxeetako haurrek praktikatzen dituzten kirol modalitate guztiak herriari gerturatzeko. Festa Musika Plazan hasiko da 11:00etan ikastetxeetako haur parte-har-tzaile guztiekin, eta ondoren, bi txandatan banatuko dira. Lehenengo txandakoak 11:15ean hasiko dira kirol ekintzekin eta bigarren txandakoak, berriz, 12:15ean.

Hala, kirol elkarte ezberdinak ondoko guneetan egongo dira banatuta: Musika Plazan (1 gunea), Zarauzko Arraun Elkartekoak izango dira LH5-6 mailako ikasleekin; Frontoi Txikian (2 gunea), Orioko Bate Bizkorrak Softbol Kirol Elkartekoek softbolean jokatuko dute LH6 mailako haurrekin; Villa Manuelako Frontoian (3 gunea), ZKE pilota sailekoak esku-pilotan arituko dira LH5-6 mailako ikasleekin; Amatxilili Plazan (4 gunea), Bola Kontrola Taldea izango da tenisean jokatzen LH3-4 mailako haurrekin; Munoa Plazan (5 gunea), Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko kideak kirol egokituko saskibaloian arituko dira LH5-6 mailako ikasleekin; Malekoian, Dama eskultura inguruan, (6 gunea), ZKE irristaketa sailekoak izango dira LH4 mailako haurrekin; 7 gunea hondartza izango da, eta 3 gune ezberdinetan banatuko da: futbolean LH3ko haurrak arituko dira Muskaria aurrean; eskubaloian LH5-6 mailako ikasleek jokatuko dute Gurutze Gorriaren parean eta errugbian, berriz, Munoa aurrean arituko dira LH3 mailako haurrak. Azkenik, skateparkean (8 gunea), Zarauzko Surf Elkartekoekin LH5-6 mailako ikasleak surfean arituko dira.

Bi txandetako parte-hartzaileak ekintzak burutuko dituzten guneetara krossa eginez iritsiko dira, Antoniano Kirol Elkarteko kideek lagunduta, atletismoaren baitan dagoen modalitate hau praktikatuz. Ekintzak amaitzean, ikastetxeetako parte-hartzaile guztientzat hamaiketako eskainiko dute antola-tzaileek Musika Plazan eta festa ixteko, 13:30ean festaren amaiera ekitaldia egingo da. Beraz, kirol faltarik ez da izango gaurkoan.

Fotos

Vídeos