Enplegu duin eta egonkorra bultzatzeko neurri zehatzak eskatzen ditu EH Bilduk

Mikel Goenaga eta Alex Oliden udal Elkartean.
Mikel Goenaga eta Alex Oliden udal Elkartean.

DV ZARAUTZ.

Urola Kostako Udal Elkartean aurrekontuetan akordioa lortu zuten EAJk eta EH Bilduk. Adostutako neurrien artean, besteak beste, lan egonkortasuna bultatzeko diru-laguntzak zeuden. Aurkeztutako zirriborroari EH Bildutik hainbat ekarpen egin dizkio, uste dutelako lana sustatu eta egonkortzeko behar-beharrezkoak direla aldaketa hauek.

EH Bilduk proposatutako aldaketa nagusiak honakoak dira: oinarri hauetan proposatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa 200.000 eurotik 280.000eurora igotzea eskatu dute, horretarako aurrekontuetan jasotzen den partida osoa bideratuz. 80.000 euroko igoera hori bere osotasunean diru-laguntzen bigarren lerroari zuzendua egongo litzateke, hau da, enplegu sustapenera. Enplegu sustapena bultzatu nahi duen diru-laguntzen bigarren lerro horretan kontratuen iraupena aldatzeko ere eskatu dute, uste dutelako lana egonkortzeko gutxienez urtebeteko kontratuak izan behar dutela, eta ez sei hilabetekoak. «Horregatik, horretara bideratutako diru-laguntza bikoiztu egin beharko da: 2.550 izan beharrean 5.100 euro proposatzen ditugu, hau da, urteko hilabete bakoitzeko 425 euro. Horretaz gain, langileari hasieratik kontratu mugagabea egiten bazaio edo 12 hilabeteko iraupenaren ondoren bihurtzen bazaio kontratu mugagabea, 360 euroko ordainketa bakarra oso eskas gelditzen dela iruditzen zaigu. Kontratu luze eta egonkorrak bermatu ahal izateko, urteko 1.000 euro gehitzea proposatzen dugu 5 urtetan zehar. Horrela, hasieran jasoko lirateken 5.100 euroz gain beste 5.000 euro jasoko lituzke».

Bestetik, jarduera ekonomiko berrien sustapenerako diru-laguntzei dagokienez, onartutako eskaeren oinarria 1.000 eurokoa izango da. Kopuru horrek, sustatzailearen edo proiektuaren arabera, hainbat gehigarri izan ditzake. «Guk horietako baten aldaketa proposatu dugu: Sustatzaileen edo bazkideen erdia gutxienez emakumeak baldin badira, 50 euro gehitu beharrean, 100 euro gehitzea, hain zuzen. Zentzu berean, sustatzaileen edo lankideen gutxienez erdia emakumea izateari garrantzia handiagoa eman nahi diogu eta horretarako, 5puntu balio izatetik 15 puntura igotzea eskatu dugu egindako azken bileran».

Fotos

Vídeos