Eneko Merinoren logoa irabazle Udal Elkarteko lehiaketan

Eneko Merino sariarekin Udal Elkarteko atarian. /  AMAXKAR
Eneko Merino sariarekin Udal Elkarteko atarian. / AMAXKAR

ZARAUTZ.

Urola Kostako Udal Elkarteak lehiaketa egin du, eskualdeko kultura eta sormen industriak sustatzeko bideratuko dituen ekimenetan erabiliko duen leloa eta irudia sortzeko. Joan den asteartean sari-banaketa ekitaldia egin zen, aurkeztu ziren proposamenak erakutsi, epaimahaiaren erabakia jakitera eman eta saria banatzeko.

Lehiaketaren irabazlea Eneko Merino Sastre izan da, jaiotzez hondarribiarra baina gaur egun Zumaian bizi dena, 'Sorkide, Urola Kostako Kultura eta Sormen Industriak' proposamenarekin eta 1.200 euroko saria eskuratu du. Epaimahaia joan den urriaren 25ean elkartu zen, proposamenak aztertu, proposamenak oinarrien arabera baloratu eta irabazlea aukeratzeko. Zazpi proposamen aurkeztu dira lehiaketara eta bereziki azpimarratu du epaimahaiak aurkeztu diren proposamenen maila, lanketa eta egokitasuna.

Udal Elkarteak 2017an zehar eskualdeko kultura eta sormen industrien gaitasun, ahultasun eta beharren azterketa egin du 'Urola Kosta, eskualde Sortzailea' izeneko egitasmoaren bidez (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoako lehiakortasuna eta lurralde kohesioa sustatzeko programaren laguntzarekin garatutako egitasmoa). Sektoreko enpresa, eragile eta profesionalekin hainbat topaketa egin ondoren, agerian geratu da arlo hori indartu eta sendotzeko premiazkoa dela sektorean sare bat eratzea, sektorea profesionalizatzea eta sektoreari ikusgarritasuna ematea. Horren haritik egin eta bideratu dute lehiaketa hau.

Horrekin batera, aurrerantzean hainbat ekimen bideratuko ditu Udal Elkarteak eskualdeko kultura eta sormen industrien lehiakortasuna hobetzeko eta ekimen horiek identifikatzeko erabiliko den marka lehiaketako irabazlea izango da.

Fotos

Vídeos