Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Enbata. Datorren igandean Zarauzko uretan izango da eta zaleei poza emateko asmoa dute. AMAXKAR
Enbata 3. Hondarribiko estropadan

Enbata 3. Hondarribiko estropadan

Azken luze ikusgarri bat egin ondoren, etxeko estropadara ondo prestatuta datozela erakutsi dute

JUAN MARI ZUBIAURRE

ZARAUTZ.

Martes, 15 de agosto 2017, 00:56

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Enbatako mutilak XI. Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako banderaren estropadan lehiatu ziren igandean, 2017ko KAE 1 ligaren azken txanpa den honetan (beste bi jardunaldi besterik ez dira geratzen, hurrena etxean).

Zarauztarrentzako estropada eremu aproposa izan da beti Hondarribikoa eta emaitza ligako onenetarikoa izan zen. Enbata hirugarren izan zen jardunaldiaren amaieran, Donostiarra irabazletik 20 segundo eta bigarren Lekittarratik 3 segundo eskasera. Zarauztarrek atzetik aurrerako estropada egin zuten nabarmen, hirugarren ziabogan seigarren postuan baitziren. Baina azken luze ikusgarriak txanda irabazi eta estropadan hirugarren egitera eraman zuen Angel Larrañagaren ontzia.

Estropada honetako tripulazioa Aitor Urkola patroiak, Imanol Toledo eta Aitor Jauregi 'Naxi', Edgar Tamellini eta Imanol Tubia, Xabier Ormazabal eta Igor Gurutxarri, Gorka Imaz eta Iñaki Agues, Imanol Eizagirre eta Unai Agirre, Eneko Esteibar eta Oinatz Arretxe, eta proel Beñat Eizagirre arraunlariek osatu dute, popatik proara.

Amaieran hobetuz

Irteeran Zarauztarrak bizi bizi atera ziren baina presa puntu batekin, horrek ontziari kulunka txiki bat eragiten zion eta ondorioz lehen ziabogan txandako 3.ak ziren Deustu eta Getariaren atzetik. Pedreña ordurako atzean utzia zuten. Bigarren luzean ere gauzak antzera joan ziren, luze erditan atzera geratu eta Pedreña ia parera etorri arte, halere azken zatian olatu txikiak ziren tokian, Pedreña atzean utzi berriro eta aurrekoengana gerturatu ziren.

Enbatako mutilen aldaketa hirugarren luzean etorri zen. Bide erditan Deustugandik 7 segundotara ziren Enbatakoak, eta orduan, arraunketa luze eta patxadatsua hartu zuten eta trainerua brankari dantzarik eragin gabe joatea lortu zuten, zeramaten atzerapena 5 segundotara murriztuz Deustuko ontziarekiko eta 3 segundotara Getariako ontziarekiko.

Azken luzerik onena

3. ziabogaren ondoren, Enbataren branka uretan murgilduta ikusten zen eta ez zen kanpora ateratzen, olatu gainean joatearen ondorioz. Minutu bakarrean Getaria eta Deustu atzean utzi eta ziztu bizian iritsi ziren helmugara. 20 minutu eta 43 segundo azken denbora. Bizkaitarrei zazpi segundoko aldea helmugan eta Getariari 14.

Azken txanda jokatu zutenen artean, Donostiarra eta Lekittarra bakarrik izan ziren zarauztarren denbora hobetzeko gai. 3. ziabogan zumaiarrak ere zarauztarren aurretik ziren arren azken luzean ezin izan zuten Enbatakoen denbora hobetu.

Aipatzekoa Zarauztarrek azken luzea egiteko 4 minutu eta 43 segundo behar izan zituztela, Donostiarra irabazleak baino 5 segundo gutxiago eta aurreko egunean ACTko ontzien artean eremu berean azkarrena izan zena baino, Hondarribia baino ere, azkarrago.

Denboraldiko luze onena izan da igandekoa Hondarribian eta erakusten du azken aldian indartsu daudela. Zarauzko estropada ondo prestatzen ari dira eta larunbatean ikuskizun ederra eman nahiko dute zaleen aurrean.

Imanol Tubia

Hona hemen Imanol Tubia (1992, Zarautz) arraunlari estriborrak egindako balorazioa Hondarribiko estropadaren amaieran, «aste guztian zehar oso ondo entrenatu dugu eta sentsazio onekin, betiko motibazioarekin igandeko estropada prestatzen. Eta gaur gauzak ondo atera zaizkigu. Hasieratik dena eman dugu baina txandako beste ontziek ere maila oso ona eman dute. Estropada osoa borrokan eman dugu Getaria eta Deusturekin eta hirugarren ziabogan seigarren ginen. Azkeneko luzean, ordea, olatuak hartu eta hartu ibili gara eta tandaren burua eskuratu dugu. Hortik aurrera, hirugarren txandako traineruak atzean uzteko helburuarekin arraunean jarraitu dugu, eta baita lortu ere, Zumaia eta Santurtzi baina azkarrago izan baikara. Aspaldiko partez kaleak ez digu kalterik egin eta aprobetxatzen eta ez konformatzen jakin dugu, eta horra hor emaitza, hirugarren izan baikara. Hurrengo asteko estropadari heltzeko irrikitan gaude eta inoiz baina prestuago. Etxean izango da gainera!»

Goian aipatu bezala 2017ko KAE 1 Ligako azken txanpa da. Hurrengo asteburua da azkena, bi estropadarekin. Abuztuak 19 larunbatean Zarautzen, eguerdiko 12:00etan. Eta abuztuak 20 igandean Deustun, arratsaldeko 17:00etan. Goazen denak Enbata animatzera. Gaur eguerdian Zarauzko uretan entrenatzeko asmoa dute gure mutilak, beraz zuzenean lanean ikusteko aukera izango dute zaleek.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios