Ehundaka herritar bilduko dira bihar eguerdiko giza-katean

Giza-kateak hiru kilometroko ibilbidea egingo du, dena kostatik, eta herritarrei goizeko 10:30etarako hurbiltzeko deia egiten zaie

ANTXON ETXEBERRIA ZARAUTZ.

Jendetza bilduko da bihar eguerdirako Zarautzen deitu den giza-katean, izan ere 1.700 pertsonetik gora eman dute izena. Antolatzaileek guztiei jakinarazten die bihar, igandea, goizeko 10:30etarako egon behar dutela ibilbideko hiru guneetako batean (Munoan, Gurutze Gorrian edo Argiñanon).

Zarautzen, Giza-kateak hiru kilometroko ibilbidea egingo du, dena kostatik. Kilometro bakoitzeko, erreferentziazko gune bat ipiniko da, eta herritarrei bertara agertzeko eskatzen zaie, esan bezala, goizeko 10:30etarako beranduenez.

Orientatiboki, auzoen arabera antolatu dira guneak: lehenengo gunea (26. kilometroa), Arguiñano parean, Iñurritza, Itxas Mendi eta Hondartza inguruko bizilagunentzat. Bigarren gunea (27. kilometroa), Gurutze Gorrian, Azken Portu, Zelai Ondo eta Sanz Enea ingurukoentzat, eta hirugarren gunea (28. kilometroa), Munoan, Alde Zaharra, Salbide eta Vista Alegreko bizilagunentzat. Dena den, banaketa hau orientatiboa da, kilometroen arteko oreka mantentzeko. Nolanahi ere, badakite jende askok koadrilan eman duela izena eta normalena irudi-tzen da horiek elkarrekin jartzea; hiru guneetako batera agertu besterik ez dute egin behar. Guneetako arduradunek esango diete parte hartzaileei non jarri behar duten edo zein norabidetan mugitu behar duten.

Hori bai, goizeko 11:00etarako kateak osatuta egon behar luke. Horregatik, parte hartzaileei hamaiketakoa ekartzeko deia egiten zaie. Denbora guztian animazioa eta musika egongo da ibilbidean. Katea eguerdiko 12:00etatik 12:30era osatuko da, eta giza katearen ondoren, bazkaria eta festa ere ez dira faltako. Katea osatu ostean, animazioak jarraituko du bazkalaurreko poteoan zehar eta 14:00ak aldera, herri bazkaria egingo da Musika Plazan (eguraldi txarra eginez gero, Munoako karpan), eta arratsaldean erromeria egongo da.

Bazkarirako 300 bat txartel saldu dira oraingoz. Hala ere, geratzen dira batzuk oraindik erosteko: Eguzki, Txiki Polit, Arrano eta Yubio tabernetan eta Azken Portuko Lau okindegian daude 12 eurotan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos