Eguneko lehen estropadan Enbata lanean

Aurkezpena. Larrañaga, Txurruka, Zubiri (TKE) eta Garmendia bost estropaden berri ematen.
Aurkezpena. Larrañaga, Txurruka, Zubiri (TKE) eta Garmendia bost estropaden berri ematen. / AMAXKAR

Hiru hitzordu izango dira gaurkoan Zarauzko uretan, 12:00etan KAE-1 Ligakoa eta 18:00etan Eusko Label eta EuskoTren Ligakoak

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Arraun asteburua abian jarriko da gaur Zarauzko uretan. Bi egunetan bost estropada lehiatuko dira eta lehenengoan gainera etxeko ontzia lehian izango da.

Enbatak KAE-1 Ligako azken asteburua izango du hau, bi azken jardunaldiekin. Eguerdiko 12:00etan VIII, Zarauzko Arraun Elkartearen estropada jarriko da lehian eta bigarren txandan Angel Larrañagaren mutilak borrokan izango ditugu zaleen aurrean ahal duten maila onena emateko gogoz.

Denboraldi hasieran jarritako helburua bizkor ikusi zen beteko zutela, mailari (KAE-1 Ligari) eutsi eta ahal zen neurrian bigarren txandan lekua bilatu. Ez hori bakarrik, gure arraunlariak lan bikaina egin dute hainbat estropadetan, urrunera joan gabe aurreko asteburuan hirugarren amaitu zuten Hondarribiko Arran-tzaleen Kofradiako banderan eta azken luze ikusgarri bat burututa gainera.

Gaurkoa estropada berezia da noski zarauztar gazteentzat. Betebeharrak eginak dituzte eta herritarren aurrean zerbait azaldu nahiko dute. Askotan honelako egoeretan urduritasunak lotu egiten ditu arraunlariak eta gerta daiteke halakorik baina denboraldian ikusi ditugu egoera larriak ondo eramaten ikasten ari direla. Zergatik ez gaurko saioan lan eder bat egin eta onenen arteak kokatzea lortu? Bada ezpada kamiseta urdinak jantzi eta zoazte Allepunta ingurura, uretan Enbata azalduko da eta.

Arratsaldean TKE estropada (Eusko Label Liga) ikusgai eremu berdinean. 18:00etan lehendabizi neskak (EuskoTren Liga) eta jarraian gizonezkoak. Ligarako jardunaldi bakoitzak banatuko ditu puntuak baino Zarauzko Ikurriña eraman nahi duten gizon eta emakumeak bi egunetako lana batu beharko dute. Bihar eguerdiko 12:00etan erabakiko da nor den garaile.

Estropada hauen inguruan antolatzen den gune ludikoa aurten Musika Plazan kokatua egongo da bi egunetan.

Errepidea itxita

Gaur eta bihar N-634 errepideak mozketak izango ditu estropadak direla eta. Horrela, gaur moztu egingo da ordu hauetan: 17:00etan, trafikoa moztuko da Zarautzen eta Getarian. Hesien muntaia. 17:30ean, errepidea ireki, eta txandakako trafikoa jarriko da zirkulazioaren bi noranzkotan. 19:30ean, estropada bukatzen denean, trafikoa moztuko da Zarautzen eta Getarian. Eta azkenik 20:00etan, errepidea irekiko da.

Bihar igandea eguerdian izango da estropada eta N-634 bidea moztu egingo da ordu hauetan: 10:35ean, trafikoa moztuko da Zarautzen eta Getarian. Hesien muntaia. 10:50ean, bidea irekiko da Zarauztik Getariara joateko. Getariatik Zarautzera doan trafikoa Meagatik desbideratuko da (ibilgailu baimenduak eta autobusak izan ezik). 13:40ean, estropada bukatzen denean, trafikoa moztuko da Zarautzen eta Getarian. 14:00etan, errepidea irekiko da. Autobus zerbitzua beti bezala ibiliko da bi herrien artean.

Fotos

Vídeos