Dena prest larunbateko eskola arteko xake festarako

Xake festa. Ehunka haur eta gaztetxo bilduko dira larunbatean Orokieta ikastetxeko frontoian. /  DV
Xake festa. Ehunka haur eta gaztetxo bilduko dira larunbatean Orokieta ikastetxeko frontoian. / DV

ANTXON ETXEBERRIA ZARAUTZ.

Larunbatean Orokieta Herri Eskolako frontoian burutuko da Zarautz Xake Taldeak eta Orokieta Herri Eskolak antolatzen duten xakearen inguruko eguna.

Aurten ere, Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako xake jokalari gazteek zita dute Zarautzen. Orokieta Herri Eskolak eta Zarautz Xake taldeak elkarrekin, eta Arnasa Gipuzkoaren laguntzarekin, antolatzen duten ekitaldi honetan parte hartzaileek xakeaz elkarrekin gozatu ahal izango dute.

Urtetik urtera toki ezberdinagoetatik etortzen dira gaztetxoak festa honetan parte hartzera eta hau albiste ona da, antolakuntzaren aburuz. Asteburu batez, Zarautz Euskal Herriko xakelari gazteen topagune bihurtzen da eta antolatzaileak oso pozik daude egindako lana ematen ari den fruituekin.

Larunbat honetako ekitaldian, xakeaz gozatu eta hainbat jolasetan parte hartu ahal izateaz gain, sorpresa atsegina ere izango da. Imanol Urbietak festa honetarako idatzitako abestia entzun ahal izango da lehenengo aldiz. Luze jo du grabaketa egiteak, baina prest dago jadanik. Eskolak eta Xake Taldeak eskerrak eman nahi dizkiete grabaketa horretan musu-truk parte hartu duten guztiei eta baita Kontxi Aizarnari ere, bera izan baitzen antolakuntzari Urbietaren azken lan hau helarazi ziona.

Txapelketari 10:30ean emango zaio hasiera, eta arratsaldean jarraituko du, sari banaketarekin, 18:00 aldera amaituko delarik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos