Bihartik aurrera Bertso Astea, Motxian bertso-eskolarekin

DV ZARAUTZ.

Bihar, osteguna, hasiko da Zarauzko Motxian bertso-eskolak antolatzen duen Bertso-Astea. «Aurtengoa 20. urteurrena dugu, eta ahalik eta jende gehiena bildu nahi genuke», diote antolatzaileek.

Egitaraua, betiko moduan, betea dator. Hasteko, bihar, gaueko 22:00etan bertso musikatuen emanaldia izango da Torre Luzeako parkean (Basarriren bustoaren aurrean). Emanaldiaren amaieran, 'Eonaixilik' lehiaketako sari-banaketa.

Jarraian, ostiralean, arratsaldeko 19:00etan, Frontoi Txikian, III. Bertso-pelota desapiyua iragartzen dute eta 22:00etan, Torre Luzeako parkean, bertso-saioa (eguraldi txarra egingo balu, Modelo zineman). Bertsolariak: Miren Amuriza, Igor Elortza, Beñat Jauregi, Agin Laburu, Unai Mendizabal eta Danel Olano izango dira eta gai jartzailea, Ibon Aristi. Asteko egitaraua amaitzeko, larunbaterako, Bertso-Eguna izendatu dute.

Goizeko 10:30ean, Modelo aretoaren aurrean hamaiketakoa izango dute; eguerdiko 12:00etatik, tabernaz- taberna, bertso txapelketa, eta azkenik, 15:00etan, Egoki tabernan, bazkaria eta final handia.

Fotos

Vídeos