Borrar
Adierazpena. Batzar aretoan udal talde guztien ordezkaritzerkin egin zen atzo goizean. AMAXKAR
Begirada berria emakumeen aurkako indarkeriari Udalaren adierazpenean

Begirada berria emakumeen aurkako indarkeriari Udalaren adierazpenean

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunerako Udaleko ordezkari guztiek adierazpen instituzionala egin dute

JUAN MARI ZUBIAURRE

ZARAUTA.

Sábado, 25 de noviembre 2017, 00:38

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Azaroaren 25a dela eta Udal talde guztiek adostutako adierazpena irakurri zuten atzo, udaletxeko batzar aretoan. Begirada berria eman nahi izan diote emakumeen aurkako indarkeriari eta talde bakoitzeko ordezkari batek tarteka irakurri zuen adierazpena.

Xabier Txurruka alkateak hasi zuen irakurketa, «azaroaren 25a dela eta, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, berriz azpimarratzen dugu indarkeria mota honen izaera estrukturala eta gure konpromisoa agertzen dugu emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den gizarte baten alde. Era berean, nazioarteko zuzenbide-esparruarekin bat, berresten dugu badagoela loturarik genero-arrazoiek eragindako bazterkeriaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean. Emakumeen aurkako indarkeriak eragindako biktimei eta hartatik bizirik irtendakoei laguntza-zerbitzua bermatzea ez ezik, beharrezkoa ere bada esku-hartzearen plano guztietan jarduketak planteatzea: Preben-tzioa, Detekzioa, Arreta, Babesa, Koordinazioa, Justizia, eta Erreparazioa ere bai».

Honi erantsi zion ondorengoa, «emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko dugun konpromisoa oinarritzat hartuz, dagokigun erronka da erreparazio-eskubidea emakumeen aurkako indarkeriari emandako erantzunean sartzeko. Horretarako, eskura izan behar ditugu indarkeriaren eta berorren adierazpide guztien inpaktuak ikusarazten lagunduko duten baliabideak, deslegitimazio soziala xede harturik. Beharrezkoa da ahotsa eta protagonismoa ematea, bai indarkeria matxistaren biktimei bai berorien elkargune diren elkarteei, erreparazio-bideak proposatzeko duten zilegitasuna aitortze aldera».

Beste taldeetako ordezkariak

Gloria Vazquezek bere zatian zera esan zuen, «erreparazio honen helburua indarkeriaren biktimak eta hartatik bizirik irtendakoak guztiz osatzea izan behar da. Hortaz, barne hartu behar du inplikaturiko zerbitzu eta sistema guztiak hobetzea, nola-eta horiek guztiak sistematikoki aztertuz. Beraz, emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egun honetan, honakoa agertzen dugu; Gure konpromisoa agenda politikoan indarkeriak eragindako emakume biktimekiko erreparazio-eskubidearen aitortza eta horri buruzko hausnarketa sartzeko, guztiz osatu daitezen eta indarkeriarik gabeko bizitza-eskubidea gauzatu ahal dezaten. Gure konpromisoa udaletan plan eta neurri estrukturalak hedatzen eta hobetzen jarraitzeko edo, hala badagokio, abian jartzeko, indarkeria matxistari aurre egitea xede, emakumeen kolektiboekin eta kolektibo feministekin batera, bai halaber gizarte zibilarekin eta herritarrekin oro har».

Ane Arrutik, bere aldetik, zati hau irakurri zuen, hartuko dituzten konpromisoekin jarraituz «gure konpromisoa gizartean aldaketa estrukturala bultzatzeko, hartara herri-erakundeak, komunikabideak, lan-, kultura-, gizarte- eta ekonomia-esparruko eragileak zein gizarte osoarenak inplikatu daitezen. Gure konpromisoa indarkeria matxista ekiditeko bidean gizonezkoen inplikazioa eta elkar-lana sustatzea eta indartzea. Gure konpromisoa Emakumeen etxea martxan jartzeko, indarkeria jasaten duten emakumeen elkargune eta ahalduntzeko gune bat izan dadin».

Adierazpenaren azken zatia Ana de Benitok plazaratu zuen esanaz, «eta gure ardura, indar politiko guztien eta erakundeen adostasunaren bitartez, beharrezkoak diren baliabideak eskura izan daitezen, xedea izanik emakumeen aurkako indarkeria gure gizartetik desagerrarazten aurrera egitea. Horretarako, Udal honek, 2018ko aurrekontuak definitzeko unean, berdintasun-unitateei beharrezko baliabide tekniko eta ekonomikoak emango dizkie, eta unitate horiek egonkortu eta indartzeko konpromisoa hartzen du. Udal honek bat egiten du mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta jendarte osoari ere dei egiten diogu mobilizazio horretan parte har dezan.

Gaurko ekimenak

Azken lerro horri lotuta, gaurko hainbat ekimen antolatu dira eta herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da. Zarauzko Sare Feministak eta Bilgune Feministak, Udalaren laguntzarekin mahainguru bat antolatu dute Gaztelekuan goizeko 11:00etatik 12:45era. Amaitutakoan, 'Indarkeria matxistari, Manbo!' izenburupean ekintza bat burutuko da Lege Zaharren enparantzan eta ondoren luntxa udaletxe plaza bertan, arratsaldeko 13:30ean.

Bestalde, eguerdian baita ere, performance bat ikusi ahal izango da Torre Luzea eta Kale Nagusian. Izenburua 'Dolor ex in itinere' darama eta sortzaile eta interpreteak Ainhoa Alberdi eta Eneko Balerdi izango dira. «Mina da lan honen abiapuntua. Gorputzean nolako deiadarra egiten duen galdetu nahi da, eta minaren iraupenak, formak, argiak edo koloreak, zein soinuak uhinez uhin egiten duten gorputzaren konkista irudikatzen du» aurreratu dute Ainhoa eta Enekok.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios