Basarri Bertsopaper sariaren XXXIII. edizioa martxan

DV ZARAUTZ.

Euskara suspertu eta bertsogintzari lagundu nahian, Basarri Bertsopaper sariaren XXXIII. edizioa antolatu du Zarauzko Udalak. Lehiaketan parte hartu ahal izateko, zortzi bertso izango dituzte gutxienez bertsopaperek, eta parte-hartzaileek nahi adina bidal ditzakete. Lanak originalak, argitaragabeak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute, gaia librea delarik.

Lanak Zarauzko Udaleko Kultura Departamentura bidali behar dira (Sanz Enea Kultur Etxea, Nafarroa kalea, 20800 Zarautz), baldintza zehatzak beteta: makinaz idatzitakoak izan behar dute, bertsotik bertsora bi lerro zuri utziz; lan bakoitzaren originala bidali behar da eta lanak orriaren alde batean bakarrik idatzita eogn behar dute.

Kontuan izan ez direla posta elektronikoz jasotako lanak onartuko. Bertsopaperak izengoiztiz sinatu beharko dira, eta aparteko gutun-azal itxi batean jarri egilea identifikatzeko datuak (izena, helbidea, telefonoa eta beharrezkoak diren gainontzeko xehetasunak).

Sariei dagokienez, bi emango dira. Lehenengoa, 1.500 euro eta txapela dituena, eta bigarrena, 1.000 euro eta oroigarria barne hartzen dituena. Epaimahaia Zarauzko Udalak izendatuko du, eta horretarako, pertsona adituak aukeratuko ditu. Epaimahaikide izango da 2016 urteko Lizardi Bertso Gazte Sariaren irabazlea.

Epaiaren berri 2017ko irailaren 1ean emango da jakitera, Euskal Jaien barnean izango den Bertsolari Gazteen Txapelketaren barruan.

Fotos

Vídeos