Badator XX. Astronomia Astea

Astronomia Astea. XX. edizioa beteko du aurten eta lau hitzaldien amaieran eguzki behaketa egingo dute Munoan. / AMAXKAR
Astronomia Astea. XX. edizioa beteko du aurten eta lau hitzaldien amaieran eguzki behaketa egingo dute Munoan. / AMAXKAR

Hilaren 17tik 21era lau hitzaldi interesgarri eta eguzki zein gau behaketak egingo dituzte Arakamurkakoek. Arkamurka Natur Elkarteak denon izarretan zehar bidaiatzeko grina ase nahi du

JUAN MARI ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Arkamurka Natur Elkarteak datorren asterako XX. Astronomia Astea antolatu du. Asteartetik larunbata bitartean hitzaldiak eta behaketak iragartzen dituzte. Lau hitzaldi izango dira denera eta guztiak 20:15ean hasiko dira Arkamurkaren egoitzan, asteartetik ostiralera, eta asteari amaiera emateko bi behaketa prestatu dituzte apirilak 21 larunbaterako, goizean eguzkia behatzeko eta gauean zerua aztertuko dute.

Arkamurkakoek honela iragar-tzen dute XX. edizioa, «txikitandik izan dugu guztiok espazio-ontzi bat eraiki eta izarretan zehar bidaia-tzeko grina. Txikitandik komikiek, pelikulek eta, nola ez, gure imajinazioak eraman gaitu. Aurten amets horren ildoan gatoz, espaziora bertaratzeko grina baitaukagu, beharra. Informazioaren gizarte honetan 'fake-news'-ak puri-purian daude eta nahastu egiten gaituzte; zer da zuzena? okerra? erdibidezkoa? Manu Arregik horretan lagunduko gaituen arren, gure espazio-ontziaz joan eta gure kabuz ikusi nahiko genuke guztia baina ezintasunean Cassini moduko tramankuluen berriei erreparatuko diegu. Gainera, bere azterketa eta datuak José Félix Rojas zientzialariaren eskutik izango ditugu zuzen-zuzen eta zehatz mehatz kontatuak. Proiektu berriei buruz ere hitz egiten digute, gizakia Martitzera eramatea kasu; epe motzean egin al dezakete? egin ote daiteke? Dena den, etorkizunari begira geratu baino, nahiago dugu gure kartoizko espazio-ontziaren bidez (eta hegazkin bat medio) eguzki eklipse bat ikuska-tzeko esperientzia zuzenean bizi-tzea. Guk ez daukagu Martitza zapaltzeko grinarik; astronomia lurtarrarekin konformatzen gara; zuek ere? Ba horretarako larunbatean izango dugu aukera, eklipsea ez, baina eguzkia, izarrak eta planetak ikustekoa bai. Etorri nahi baduzue nahi adina bidaia txartelak dauzkagu, doan gainera. Ezin aukera pasatzen utzi...». Proposamen erakargarria zalantzarik gabe eta urteroko moduan arrakasta izango duena zarauztarren artean.

Lau hitzaldiak

Apirilak 17, asteartea, 'Astronomia ikasiz, fakenews-en bidez' izenburupean Manu Arregi Ilatargi Astronomia Taldeko kideak gai honen inguruan hitz egingo du, «astronomia zaleok amorru handiz hartzen ditugu astronomiaren inguruko albiste faltsuak zabaltzen direnean. Gauza txarra da, berez, horien bidez gizartean ideia oker ugari finkatzen joaten direlako. Baina baikorra izanik, badu alde ona. Alde batetik, astronomiari buruz hitz egiten delako eta, bestalde, aitzakia ematen digulako, zientzia zaleoi, kale dibulgazioa egiteko».

Apirilak 18, asteazkena, José Félix Rojas zientzialariaren eskutik 'El legado de la misión Cassini' izenburua daraman gaia ezagutu ahal izango da. NASA eta ESAk duela 35 urte hasitako proiektu handizalearen berri emango du. Azken 13 urteetan Saturnoko irudiak bidali ditu eta benetan datu oso interesgarriak plazaratuko dira saio honetan.

Apirilak 19, osteguna, 'Etxetik at' izenburupean, Iñigo Elorza Arkamurka Natur Elkarteko kideak zera landuko du, «gizakiok hamarkadak daramatzagu eguzki sistema aztertzen eta zunda robotikoak bidaltzen. Baina azkenengo urteetan gizakiok Ilargira edo Martitzara joateko planak ugaritu dira. Horien atzean enpresa pribatuak daude, Space X ezagunena dena. Benetan prest al gaude gizakiok bidaltzeko Martitzara? Gure teknologia hainbeste aurreratu al da? Ze interesak daude ekintza hauen atzean?».

Azken hitzaldia apirilak 20, ostiralean, izango da. 'Zarauztik Wyoming-era eguzki eklipsea ikustera'. Alfredo Sayalero Arkamurka Natur Elkarteko kideak bidai baten berri emango du. «2017ko abuztuan eguzki eklispe bat ikusi ahal izan zen lurreko zenbait eremutatik; besteak beste Estatu Batuetako leku batzuetatik. Aukera hori zela eta, lagun batzuk bertara joateko prestaketa egin genuen eta baita joan ere. Wyoming-eko estatua aukeratu eta Glendo izeneko hiri ingurura joan ginen. Hango bizipenak ekarriko dizkizuegu. Eta batez ere, teleskopioarekin joan ginenez, argazkiak ekarri eta erakutsiko dizkizuegu. Badugu zer kontatua beraz. Gustukoa baduzue, laster izango da beste eguzki eklipse bat ikusteko aukera; hasi ordurako prestatzen!!».

Hitzaldi sorta amaitu ondoren larunbatean bi behaketa antolatu dituzte. 12:00etatik 14:00etara Munoan izango dira teleskopio bereziekin eguzkia behatu eta haren inguruko azalpenak emateko eta 21:00etan Santa Klara atzeko aparkalekura hurbilduko dira zerua aztertu asmoz. Eraman zure teleskopioa ere.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos