Azken saio informatiboa hondakinen bilketa berriaren inguruan, gaur

Udal Elkarteko egoitza./
Udal Elkarteko egoitza.

Etxezabalan egingo dira, 11:00etan (gaztelaniaz), 12:30ean (euskaraz), 18:00etan (gaztelaniaz) eta 19:30ean (euskaraz)

J.M. ZUBIAURRE ZARAUTZ.

Urola Kostako Udal Elkarteak sustatu duen hondakinak biltzeko sistema berria datorren otsailaren 1ean sartuko da indarrean. Horren harira, abendua hasieran etxeetara bidalitako informazioa osatu eta zalantzak zein kezkak argitzeko helburuarekin informazio saioak egiten ari dira eskualdeko herri guztietan.

Saio horietan hainbat argibide ematen dituzte: zerbitzu berriaren inguruko xehetasunak, hondakin organikoak eta errefusa biltzeko edukiontziak irekitzeko txartela (banaketa, nola erabili ...), sistema berria jartzeko egutegia eta abar.

Saio informatiboak Azken Portuko Kristau Biltokian, Etxezabalan eta Iñurritzako jubilatuen lokalean egin dira orain arte (zortzi saio abenduak 11 eta 22an banatuta) eta gaurkoak Etxezabalan izango dira denak, euskaraz zein gaztelaniaz. Ordutegiak hauek izango dira; 11:00etan (gaztelaniaz), 12:30ean (euskaraz), 18:00etan (gaztelaniaz) eta 19:30ean (euskaraz).

Udal Elkarteak herritarrak animatu nahi ditu saioetan parte har-tzera, 'laburrak eta argigarriak' izango direlako. Urola Kostako bost herrietan martxan jarriko den sistema berriak hainbat abantaila izango ditu: baliabideak optimizatuko dira, birziklatzeko aukerak biderkatu eta errefusa gutxiago sortzeko aukera emango du. Helburua, argia da, urtebetean %40ko sailkatze tasatik %60ra igotzea, eta hiru urtetan %75era.

UKUEren aurrekontua

Urola Kosta Udal Elkarteko Batzar Nagusiak 2018ko aurrekontuari hasierako onarpena eman zion joan den hilak 18an, EAJ, PSE-EE eta Irabazi-Ahal Duguren aldeko bozkekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

2018ko aurrekontua 10.119.921,67 eurokoa da (2017. urtearekin alderatuta 2.700.000 euro gehiago). Hazkuntza horren arrazoi nagusia zabor bilketa sistema osoa Udal Elkarteak beregan hartuko duela izango da (gaikako bilketak eta errefusa).

2018ko aurrekontuak barnean hartzen dituen jarduera edo ekintza nabarmenenak hauek dira: Zabor bilketa sistema berria, Zarautzen garbigune berria (1.242.000 euro), Zabortegiaren zigilatzearen azken faseko proiektuaren esleipena.

Enpresa eta enplegua bultzatzeko zuzeneko laguntzak (372.000 euro), 2017ko urtearekin alderatuz %32ko igoera. Openlak: elektronika munduari zuzendutako espazioa. Euskara eta turismo arloen uztartzea. Laneratzeko zerbitzuak: Orientazioa, Hazilan programa. eta administrazio elektronikoaren ezarpena.

Aurrekontu hauen helburua da Udal Elkarteko arduradunen esanetan, «2018. urtean ditugun erronkei aurre egitea, herritar eta enpresen zerbitzura lan egitea eta eskualdearen beharrei egoki erantzutea».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos