«Autogestioan oinarritutako jabetza kolektiboa eraikitzen jarraituko dugu», diote Gaztetxetik

DV ZARAUTZ.

Putzuzulo Amets Fabrikaren 12. urteurrena ospatu da eta Xakela Gaztetxe Asanbladatik diotenez, «sekulako urteurrena izan da; aspaldi ez bezalako urteurrena; kurtsoari ekiteko ilusio dosi erraldoia. Biho-tzez, eskerrak eman nahi dizkizuegu parte izan zareten guztiei».

Dena den betiko arazoekin jarraitzen dutela diote. «Bai urteurrenean bai ondoren ere, EAJ-PNVk ez dizkigu herritarronak diren eskatutako azpiegitura guztiak utzi. Oholtza ez digute utzi ez 20.urteurrena bete berri duen taldearentzat ez 8 urteko ibilbidearen ostean azken kontzertua eskaini nahi zuen taldearentzat. Herritarron diruarekin erositako materiala herritarrek erabili ezina azpiegiturak pribatizatzea dela deritzogu. Udalak herriko azpiegitura guztia erabili dezake haien ekintza eta kontzertuetarako, eta zerbait handiagoa nahi badu alokatu egiten du; hori guztia gure diruarekin, denon diruarekin».

Xakela Gaztetxe Asanbladaren ustez, «Udalak, herritik sor-tzen diren ekimenei, laguntza eta babesa eman beharko lieke, baina EAJ-PNVren jarrera guztiz kontrakoa da. Elkartasuna, elkarlana eta bizikidetza bezalako hi-tzekin ahoa betetzen duten arren, ez dute horiek betetzeko ahaleginik egiten. Ez batzuekin behin-tzat». Salberdingo proiektuaren inguruan diotenez, «bizilagun zein proiektu batzuen etorkizunari buruz hitzik ez dute esan; 12 urtez lanean tinko ibili den gaztetxeari ez dio irtenbiderik bilatu nahi. Hori al da herri antolamendua? Herritar guztiongan pentsatzen al dute 'gure' agintariek?».

Bestalde, erasoak jaso dituztela ere jakinarazten dute. «Abenduaren 19an, gauez, gaztetxera sartu, goitik behera miatu eta zegoen dirua eraman ostean, txikizioak izan ditugu; 2017an 4. aldiz sartu ziren gure etxera. Hainbeste izerdiz eraikitakoa horrela txikituta ikusteak inpotentzia handia sortzen digu, baina ez etsipenik, noski».

Eraso horien aurrean, autogestioan oinarritutako jabetza kolektiboa eraikitzen jarraituko dutela, adierazten dute. Putzuzulon betidanik ibili direnekin, etorri berri diren gazteekin eta parte hartzeko gogoa eta ilusioa duten herritarrekin.

«Lapurtu ahalko digute dirua edo etxea. Agian, asko saiatuta, ilusio pixka bat ere lapurtuko digute, baina erasoen aurrean eran-tzuten ikasi dugu eta bai, aurrean izango gaituzte».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos